Karrika batean mamituriko musika
BERRIA 2003-07-04
Bartzelonan trebatutako Sant Pau 44 Quartet talde gasteiztarrak lehen diskoa argitaratu berri du
ivan santamaria - GASTEIZ
Sant Pau, 44. Bartzelonako karrika bat eta bere ataria. Koldo Uriarteren (pianoa), Iosu Izagirreren (kontrabaxua) eta Hasier Oleagaren (bateria) bizitokia. Gasteiztik alde egin eta Katalunian ari dira trebatzen, jazz erritmoetan. Etxera itzultzean Raul Romo (saxofoia) batu zaie, Bostonen ibili eta gero. Bizi izandakoa gogoan, karrikako eta atariko izena jarri diote jazz laukoteari. Orain, Gaztelupeko Hotsak disketxeak kudeatzen duen Errabal zigiluari esker lehen diskoa kalean dute.
Ez zuten espero diskoa grabatzea. Aukera eskaini zieten eta, besterik gabe, baliatzea deliberatu dute. «Diskoa oso lasai atera da, oso natural, ez genuen pentsatzen diskorik grabatzea eskaintza jaso arte», dio Izagirrek. Juanan Ros teknikariaren laguntzarekin, bi egunez aritu ziren grabatzen. Musikarien ideia unean egiten ari zirena islatzea zen, kantuak propio prestatu gabe. «Zintzoak izateko modu bakarra zen. Taldea ikasteko bitarteko bat izan da beti, praktikatzeko, eta behartu gabe egiteko modu bakarra hori zen».
Emaitza zortzi abesti dituen diskoa da. Taldekide bakoitzak bi sortu ditu. Bilatu gabe ere, diskoak batasun bat baduela uste dute, taldeak izan duen iraupenean oinarrituta. «Ez da arrunta jazz talde bat horren egonkorra izatea. Hasiera batean ez luke zertan harremanik izan abesti batek besteekin, baina ekoitzi ondotik entzun duen jendeak esan digu badagoela batasun hori». Laukoteak, gainera, Alejandro Mingot gitarristaren lankidetza izan du Astelehenetan eta Menudo despertar abestietan.
Taldearen soinua tradiziotik datorrela onartzen dute. Izan ere, erreferentziak jazzaren maisuak izan dituzte betidanik. «Izan daiteke Miles Davis, edo Kenny Garret, jazzaren abangoardian ibili den oro», Oleagaren arabera. «Gustuak nahiko parekoak dira», gehitu du Romok. Errabal zigiluko Nagore Sanzek ere ñabardura bat jarri dio soinuari: «Igartzen da tradizioa ezagutzen dutela, baina, aldi berean, emaitza freskoa, modernoa, indartsua da».
Hilaren 13an Gasteizko Man in the Moon tabernan aurkeztuko dute diskoa, jazz jaialdiaren hasiera egunean. Ondoren Zarauzko Jazz Mintegian ariko dira, hilaren 29an.

