Hemen zaude: Hasiera Artistak Rogelio Botanz Ibilbidea

Ibilbidea

Badira bi hamarkada Rogelio Botanz Euskal Herritik Kanariar Irletara joan zela. Tenerifen lotu zuen bere txalupa eta, ia konturatu gabe, bertako kulturaren korronte indartsuetan murgildu zen. “Taller Canario de la Canción” lantaldearen hiru sortzaileetako bat izan zen, Andrés Molina eta Pedro Guerrarekin batera.

Tailerra jatorri guztietako musikarien topagune bihurtu zen eta bere zazpi diskoetan hainbat kolaboratzaile aurki genitzake, besteak beste Silvio Rodríguez, L.E.Aute, Joaquín Sabina, Luis Morera, Víctor Manuel, Ana Belén, Carlos Varela, Ismaila Sane Badiane, Polito Ibáñez, Quintín Cabrera, Moluda Mboirik, edota Natxo de Felipe, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarin euskaldunak.

1992an Tailerra desagertzean, Rogeliok Kanarietan segitzea erabaki zuen. Irletako memoria erritmikoa lantzearren “...puntos suspensivos” bere betiko bandari kanariar perkusio sail berritzaile bat gehitu zion. Aldi berean, bere sormena freskatzen jarraitu zuen maite dituen beste kostaldeetatik zetorren haizeaz: Afrika, Karibe eta Euskal Herrikoaz.

Rogelioren musika bihotzarekin aukeratutako mestizajearen emaitza dugu. Aintzinako eta gaurko erritmoak originalki bateratzeko gauza da, eta huts hutsik zein laguntza elektrikoz eskeini ditzake. Soinu elkarketa berezi honek munduko hainbat lekura bidaiatu du: Venezuela, Hegoafrika, Kuba, Mexiko. Azken urteetan Euskal Herrira sarri etorri ohi denez, hemengo doinuak berrezagutu eta bere lanari eransteko aukera izan du.

Diskgrafia:

La Nueva Canción Canaria, 1985 Trapera, 1987 Identidad, 1988 A por todas, 1989 Grandes éxitos (bilduma), 1990 Rapaduras penas, 1991 Y ahora... qué?, 1994 Tic, tac..., 1998 Castillos de arena, 1999 Tiempo, 2001