Hemen zaude: Hasiera Artistak Piztiak Ibilbidea

Ibilbidea

91an hasi zen Rock talde honen historia. Aurrehistorian TU-K taldea aipatu behar, bertan ibilitakoak bait ziren, baita bi maketa historiko utzi ere lorratz moduan. Projektu berriaren lehen emaitza Huts Nazazu (Elkar, 91) mini Lpa izan zen. Aurreko garaien oihartzunik bazen ere, ikus zitekeen zein zen aukeratutako bidea: taupadak, emozioak, gitarrak, rokanrola. Piztiak jaio zen.

Hurrengo urtean lehen lan handia argitaratu zuten, Hasi Orduko (Elkar, 92). Espiral baten inguruan bildu zituzten 12 (kd-an 13) kanta gordin, leun, ugertu, ironiko eta bizitza bera bezain krudel.

Eta bapatean amildegia: ihesak, hiesa, kartzela,...lagun berriak, proiektu berriak eta asmo bihurriak; berriro ere errepidera. Oraingoan inoiz baino indartsuago, zuri-beltzaren laztasun gordinarekin kaleratzen da Argia eta Itzala (Gaztelupeko Hotsak, 98) eta ez da musika bakarrik, kontzeptu bat baitago atzetik. Dena dago lotuta: hitzak, musika, irudiak, zuzeneko emanaldiak...

Koherentzi formalaren torlojuari beste buelta bat emanez aurkezten zaigu ZER0 (Gaztelupeko Hotsak, 99) lan kontzeptuala. Diska eta liburuaren hibrido bat. Bizitzaren hutsunetaz eta hutsuneak betetzeaz hitzegiten duten abesti-narrazio laburrak biltzen dira esannahi anitzeko zenbaki honen inguruan. Azalean kolore desberdinak eta kanta batetik bestera ere zeharo aldatzen diren tonoak, rockaren (edo jar iezaiozue beste izen berriren bat, nahi izan ezkero) paletako hainbat gama ezberdin ikutuz. Jada alferrik da eraginez hitzegitea, Piztiak Piztiak da eta soinu hau dauka.