Hemen zaude: Hasiera Artistak Piztiak Hemeroteka Piztiak taldeak zuzeneko CDa eta DVDa argitaratu ditu

Piztiak taldeak zuzeneko CDa eta DVDa argitaratu ditu


Batzuetan musika talde bat denbora luzez isilik egoteak ez du esan nahi taldea desagertu denik, are gutxiago taldea geldirik dagoenik. Piztiak taldean «umeak eta horrelako kontuak» tartean jarri dira eta ia sei urte eman ditu ezer argitaratu gabe, baina bazuen materialik. Estudioko diskoa egin beharrean zuzenekoa egitea erabaki zuten, eta hainbat emanaldi uztartu dute.

BILBO

Zuzeneko CDaeta DVDa argitaratzen dituztenean, zerikusia izaten dute bi formatuek, bata bestearen isla izaten baita. Baina hau ez da kasua. CDak 15 kantu dakartza, Azkoitiko Mataderian eta Ondarroako kafe antzokian grabaturikoak. Bestalde, bi estudioko abesti ere badaude «hasieran hori baitzen haien asmoa, estudioko diskoa argitaratzea», Txomin Uribek adierazi zuenez. Baina harago joan da orain hirukote bihurtutako Ondarroako taldea; izan ere, antologiarako erabili ohi diren zuzeneko diskoei beste begirada bat eman baitie, eta argitaratu gabeak baitira guztiak. DVDa 23 abestik osatzen dute, eta kantu berriak garai bateko kantuekin uztartzen dira. «Piztiak taldearen benetako zuzenekoa islatzen da», adierazi zuen Uribek. Taula gainean instrumentua jotzen dutenei beste bat gehitu behar zaie, Josu Eizagirre izan baitute laguntzaile, taldeko kide berria, eta musikari irudiak ipini dizkio, inprobisatuta, Uribek azaldu zuenez. Piztiak taldearen musikari beste ikuspegi bat eman diola nabarmendu zuten taldekideek. Gainera, Txuma Murugarrenek hiru kantutan abesten du, eta Batuketao taldeak perkusioak gehitzen dizkie “Ismail” eta “Ezerez” kantuei.

DVDko azken abestia berezia dela adierazi zuen Uribek, eta New Order taldearen “Blue Monday” abestiaren bertsioa egiten dutela erantsi zuen. Beste bitxikeria bat badu, CDak disko bikoitzari izena ematen dion kantuaren bertsioa baitakar. “Euriaren Zain Deconstructed remix” izena jarri diote, eta Xabier Iriondo Italiara joandako ondarrutarrak egin du. Taldea beti saiatu omen da hitzei eta musikari garrantzi bera ematen, eta lan horretan irudiek ere garrantzi handia hartu dute, Josu Aranbarri baxu-jotzailearen hitzetan.

Hemendik aurrera, Piztiak taldeak zuzeneko emanaldietan defendatuko du Euriaren Zain disko bikoitza. Getariako Ketarri tabernan aurkeztu ondoren, Bilboko Kafe Antzokian urtarrilaren 20an, Arrasateko gaztetxean eta beste hainbat aretotan barrena egingo dute itzulia, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo.

Taldeak 15 urte bete ditu taula gainean

BILBO

Lehenengo diskoa 1991 urtean argitaratu zuen Piztiak taldeak, Tu-k taldetik zetorren laukoteak. Elkar diskoetxeak kaleratu zien orduan “Huts Nazazu”, emozioek eta gitarrak libre jarduten zuten lana. Urtebete geroago etorri zen lehenengo lan luzea, “Hasi Orduko”, 12 kantuz osatutako disko «gordin, leun eta ironikoa», taldekideen hitzetan.

Doinu argi eta ilunez beteriko lana izan zen Argia eta itzala, 1998an Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratua. Zuzeneko emanaldi ikusgarriak gogorarazten dituzte taldekideek garai haietatik, eta hitzak, musikak eta irudiek sekulako garrantzia zuten. Urtebete geroago, Zero etorri zen, «diskoaren eta liburuaren arteko hibridoa». Kantuen koloreen artean seku- lako ezberdintasunak egon ziren orain arte azkenengoa izan den disko horretan. Disko hori kaleratu eta gero, Kirmen Uribe olerkaria Bitartean heldu eskutik lanaren aurkezpen lanetan lagundu zuten, ia bi urtez. Txomin Uribe abeslariaren hitzetan, horregatik igaro da horrenbeste denbora azkenengo diskoa kaleratu zutenetik berri hau argita- ratu duten arte.