Hemen zaude: Hasiera Artistak Petti Ibilbidea

Ibilbidea

Petti nafar musikaria “folk basati” izenda genezakeen estiloaren aitzindari dugu. Hamasei urte zituela ekin zion musikaren bideari, Bidasoa bailarako Noise Hole rockanroll taldeko gitarrajole moduan. Zuzeneko kontzertu ugari eskaini zituen talde honekin Euskal Herriko luze zabalean, eta baita inguruko lurraldeetan ere. Taldea desegin eta gero, musika esperimentalagoa egiten zuen Zup taldeko kantari izan zen, 1997an bakarka jotzen hastea erabaki zuen arte. Orduan harribitxia agertu zen Euskal Herriko musika panoraman: kantari berezia, gitarrajole fina... bluesman disdiratsu eta grinatsu baten aurrean geunden. Bizitzeko esperientziaren interpretazio poetiko bezain basatia egiten zuen artista. Bere eginbeharra beti mugan ibili diren musikarien erritmoetan sustraitzen zen.

Bere existentzialismoagatik zirrara sorrarazten duten kantuen bilduma batekin estreinatu zen diskagintzan: Amets bat (1999), herriko musikari lagunekin batera grabatua. Hasierako lan haren ondoren, Arrazoiak (2001) izenekoan erakutsi zuen bere kantari, konposatzaile eta gitarrajole maila noraino hel zitekeen. Etxeko Uzta (2002) diskoan, berriz, Pettik bere alderdi elektriko eta zuzena erakutsi du.