Hemen zaude: Hasiera Artistak Norman Ibilbidea

Ibilbidea

Norman 2007ko amaieran sortu zen. Kepa Arakistain (The Gominols, Skandalu Publiku), Alex  Ariznabarreta eta Gorka Bocos (Electric Dolls) eta Beñat Narbaiza (Doministikum) Eibarko Legarre entsegu lokaletan elkartu ziren proiektu berrian lan egiteko, eta berehala iritsi ziren emaitzak. 2009an Danbaka lehiaketako finalera eta Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako azken fasera sailkatu ziren, eta urte berean lehen diskoa argitaratu zuten, Norman (Gaztelupeko Hotsak). Geroztik, Peñalbak hartu du Gorka Bocosen lekua baterian.

Norman Euskal Herrian azken urteotan sortutako talde interesgarrienetako bat dela berresten du bigarren lan honek. Lau buruko munstro bat da Norman, aurpegi bana edo are, bat baino gehiago erakusten ditu abesti bakoitzean, eta entzunaldi bakoitzean deskubritzen ditugu aurrekoan oharkabean igarotako ertz berriak. Ez, Normanen kantuak ez dira erraz ikasteko edo buruan gordetzekoak, ez daude belarri erosoentzako eginda, denbora eskatzen du haiek bereganatzeak, haietara ohitzeak, baina lortuz gero, saria jasotzen du entzuleak. Gitarra urduriak, etengabeko erritmo aldaketak, egitura konplexu eta bihurriak eta hainbat erregistrora moldatzeko gaitasun handiko ahotsa batzen dira izu giroko bederatzi kantu hauetan (horietako bat, diskoari azken burukoa ematen diona, instrumentala), 50eko hamarkadako rock&roll, psicobilly, hardcore, garage-punk edota psikodeliaz josiriko amarauna osatuz.