Hemen zaude: Hasiera Artistak Mikel Gaztelurrutia

Mikel Gaztelurrutia

Mikel Gaztelurrutia piano jotzaile eibartarra, Bartzelonako Taller de Musics eskolan ikasia eta gaur egun Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan irakasle dena, ezohiko erronkari egin dio aurre, eta errepertorio koloretsua osatu du ahots laukote batentzat, Mikel bera aitzindari duen jazz hirukoteak lagundurik. Ahotsa da proiektu honen benetako leit-motiv-a, eta horrek berak egiten du berezi: hautatutako bertsio batzuek, lehen begiratuan bederen, oso ezagunak diruditen arren, guztiek azaltzen dute jatorrizko gaiei erakutsitako begirunetik eta maitasunetik egindako sormen lan hurbila, lan sakona eta xehetasunez betea. 

 

Ahots harmoniek berriro ere dakarzkigute Holliwoodeko klasikoak, Rock Hudson eta Doris Dayren filmak, “merkataritza”, zinemagintzaren ikuspegitik bederen, eta kalitatea artean bateraezinak ez ziren garaiak, zeluloideak musikarekin oraindik maite harreman sutsuak zituen sasoiak... eta jazza artean herri genero petoa zen garaia. Min kutsu apur bat duen proiektua da, era berean Henry Mancini eta Quincy Jones bezalakoak gogorarazten dizkiguna.

 

Guztiz sendoa den hirukotearen gainean eraikia (Vincent Thomas-bateria-, Richie Ferrer –kontrabaxua- eta Mikel Gaztelurrutia bera nahikoak dira musika-ehun honi guztiari eusteko), “The New Jazz Voices Ensemble” taldearen errepertorioak harribitxi txiki batzuk gordetzen ditu: Mood Indigo eta Caravan bikainak dira, I got Rhythm gaiak swing guztiz erakargarri baten bidetik egiten du, eta Samba do Novo Amor guztiz berritzailea berez da nabarmena, easy-listening pintzelkada meheez horniturik.

 

Adituak ez direnek abesti bilduma bikain bat topatuko dute oso testuinguru hurbil batean. Errepertorioa ezagutzen dutenek, berriz, arestian aipatutako klasikoekin gozatu ahal izango dute, hori bai, guztiz tratamendu berezi batekin.

 

Entzun: Mikel Gaztelurrutia.



Diskoak:


nabegazioa