Hemen zaude: Hasiera Artistak Miguel Salvador Project Hemeroteka Jazzaren misterioak harrapatuta

Jazzaren misterioak harrapatuta

Kritikaren onespen orokorra jaso du Miguel Salvador gitarristak kaleratu berri duen estreinako lanarekin Gorka Erostarbe. Marrazketa teknikoa ala gitarra. Aukeraketa egin behar izan zuen institutu garaian ikasle zela. Marrazten «txarra» zelako hautatu omen zuen gitarra irakasgai modura. Eta konturatu zenerako gitarraren soinuak «harrapatua» zuen Miguel Salvador (Barakaldo, 1967): «Rock talde bat sortu nuen jaioterrian 16 urte nituela, eta pixkana-pixkana aro desberdinak igaro nituen, harik eta norbaitek jazz musikako zinta bat pasatu eta gustatu zitzaidan arte». Harrez geroztik ez du jazzarekiko lilurarik galdu.


Iturria: Berria
Eguna: 2009/07/12

Getxoko jazz jaialdian, uztailaren 5ean, aurkeztu zuen Miguel Salvador Project (Errabal), talde baten gidari moduan kaleraturiko estreinako lana. «Oso harrera» ona egin ziotela eta, «pozez gainezka» dago musikaria. Getxoko jaialdiko zaleak ez ezik, diskoa entzuteko aukera izan duten kritikariak ere aho zabalik utzi ditu, ordea: «Gozamen hutsa da laudorio horiek entzutea. Urteak egin ditut beste zenbait jenderen laguntzaile modura, talde askotako gitarrista modura, eta egitasmo propioarekin hitz onak jasotzeak animatu egiten nau. Hala ere, orain ez naiz konturatzen ia horretaz. Disko gehiago egiten ditudanean eta hainbeste hitz egiten ez dutenean jabetuko naiz, akaso, disko ona dela hau».

Beste asko bezala, Musikene Goi Mailako Musika Ikastetxetik ateratako harribitxia da Salvador: «Han sartu aurretik, Iñaki Salvador berarekin jardun nuen ikasten zazpi urtez. Haren etxera joaten nintzen. Eta Sorkunde Idigorasek gidatutako Jazzlen ere ibili nintzen ikasten». Musikenen irakasle izandako Iñaki Salvadorrez (pianoa) eta Gonzalo Tejadaz (kontrabaxua) gain, Jonathan Hurtado (pianoa), Javier Mayor (kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria) izan ditu grabaketako musikariak: «Luxu handi bat da halako musikariekin aritzea».

Miguel Salvadorrek berak konposaturikoak dira diskoa osatzen duten zortzi piezak. Melodia identifikagarriz eta erritmo joko etengabeez osaturiko jazz garaikideko zortzi pieza dira. Badira sosegatuak (Punto de encuentro) eta badira biziak ere (Laberinto eta Tres, esaterako).

«Erritmo desberdin askorekin jolastu dut lan honetan, eta batzutan erritmorik gabeko tarteak ere sartu ditut free jazzari bide emanez. Orain zuzenekoetan ari gara, eta zati aske horiek tarte handiagoa dute. Zuzenekoek diskoko kantuek baino ukitu abangoardistagoa dute».

Pat Metheny, John Scofield eta gisako gitarra jotzaileak izan ditu beti erreferentzia modura, baina azkenaldian, Adam Rogersek dauka txunditurik: «Ez da oso ezaguna, baina nik egin nahi nukeena egiten du». Eta zer da Salvadorrek egin nahi lukeena? Berak du erantzuna ere: «Orain urte batzuk jazzetik gertu egon besterik ez nuen nahi. Gustatzen zitzaizkidan standard-ak jotzearekin nahikoa nuen. Orain barnean beste zerbait daukat. Soinu desberdin bat garatzea nahi nuke, ahalik eta gehien jolastea eta esperimentatzea erritmo eta akordeekin, eta zerbait desberdina sortzea. Bide berri bat jorratu nahi nuke, nahiz eta zaila dela badakidan». Disko berriko kantuek «misterio kutsu» bat dutela dio egileak, eta jazzaren misterio horrek harrapaturik jarraitu nahi luke aurrerantzean ere.