Hemen zaude: Hasiera Artistak Markos Untzeta Hemeroteka Gure musika Euskal Herrian zerbait berria dela uste dut

Gure musika Euskal Herrian zerbait berria dela uste dut


DIARIO VASCO
DEVORAME 2002/03/13

Texto: Ane Urdangarin

Gaua basamortuan du izenburu bihar goizean Markos Untzetak kazetarien aurrean aurkeztuko duen diskoak. Gero, gaueko 10:30etan, Errenteriako De Cyne Reinan, eta Kultur Errotaren barruan, diskoko abestiak eskainiko ditu. Buhame Famauak bere taldearekin arituko da zuzenean, hots Borja Barrueta (bateria), Gorka Eskoriaza (baxua), Dani Merino (gitarra), Miguel Angel Rodriguez (teklatuak), Eli Egia (koruak). Noe Santamaria biolin jolea ere arituko da ziur asko. Markos Untzetak bere lehenbiziko diskoa kaleratuko du bihar. Bertan, kantari eta gitarrajole eibartar honek hamar kantu bildu ditu. Gehienak, berak konposatutakoak, baina badira baita ere Procol Harum taldearen bertsio bat eta Jon Miranderen testu musikatu bat

Gaua basamortuan noiz hasi zen jaiotzen?

Hiru urte egin nituen atzerrian, 95etik 98ra. Ingalaterran bi urte eman nituen eta Bahama uharteetan urtebete. Ingalaterran hasi nintzen kantuan, pubetan. Lehenego kantak ingelesez kantatu nituen, eta diskoko kantak bertatik etorritakoan idatzi nituen. Ez dakit zenbaiterainoko lotura duten kanpoan izan nituen esperientziekin.

Zergatik hasi zinen euskaraz abesten?

Euskal Herrira iristean, lehentasuna eman nion ingelesez nituen abestiak grabatzeari. Maketa bat egin nuen, baina konturatu nintzen proiektu horrek ez zuela irtenbide handirik. Orduan euskaraz idazten hasi nintzen. Hutsetik hastea bezala izan zen. Gaua basamortuan orain atera da, baina abesti gehienak orain dela bi urte idatziak nituen, ez ordea diskoan sartzeko asmoarekin.

Zerk eraman zintuen Ingalaterrara?

25 urte nituen, karrera (Filologia Hispanikoa) bukatu berria, eta hemen lanik ez. Musika tradizio handia duen hiri batean bizi izan nintzen, St. Albans-en. Pubetan eta tabernetan, talde askok eskenatokira igo eta abesti ezagunen bertsioak jotzen dituzte. Bertan bazegoen lokal nahiko ezaguna eta han hainbat emanaldi eskaini nituen. Kuriositate gisa hasi zen, baina segituan harrapatu ninduen musika munduak.

Ingalaterrara joan baino lehen, hemen ere kantatzen zenuen?

Niri kantuak asko gustatu izan zaizkit betidanik, 12-13 urterekin musika entzuten hasi nintzenetik. Ohartu nintzen kantak formula oso bereziak direla gauzak adierazteko. Behin horrenbeste gustatuta, erabaki nuen kantatu nahi nuela, ez soilik entzun. Kitarra bat erosi nuen eta bakarrik ikasi nuen jotzen. Hurrengo pausoa, besteen abestiak kantatzeaz gain, nire istorioak kantuan kontatzea izan zen.

Autodidakta izan zara musika ikasterakoan?

Bai, niretzako musika, orrietan puntutxo beltzak besterik ez da.

Atzera eginez. Nola iritsi zinen Bahametara?

Ingalaterrako bizimodia nahiko gogorra zen. Jatetxeetan lanean aritu nintzen. Gaztelaniako irakasle bezala joateko aukera izan nuen Bahametara.

Zergatik jarri diozu Gaua basamortuan izena zure lehen diskoari?

Kantu baten izena da. Sugerentea iruditzen zait, eta diskoaren giroa nahiko gautiarra da. Gogoratzen dut Gaua basamortuan idaztea barne-bidaia izan zela, barru-barrura iristea. Eta barru horretan ez dago ezer: bakardadea, lehortasuna. Halere, dena ez da zentzu logikoan ulertu behar, sinbolikoan baizik. Sinboloz betetako diskoa da. Gainera, gaua denbora da, eta basamortua, espazioa. Bi ardatz hauek uztartzen ditut. Diskoan irudi askorekin jokatzen dut. Adibididez, badago kanta bat, Babilonia, non hamaika eszena bata bestearen atzean pilatzen diren. Diskoa hori da: eszena, istorio, irudi desberdin eta dinamikoak.

Eta Buhame Famauak zure taldea?

Beno. Buhameak, batetik bestera ibiltzen ziren ijitoei deitzen zitzaien. Gainera, Maskaradetan ateratzen diren pertsonaiak dira. Famauak, Ondarroan erabiltzen duten esamoldea da, eta norbait zerbait egin eta ona denean ‘famau’ esaten diote. Izen honek badu klabe bat, testuak idazteko orduan nire gustoa nondik datorren erakusten du: soinuekin jolastu eta erritmoaren bitartez irudiak iradokitzea.

Testuen erritmoak asko lan-tzen dituzu, beraz.

Bai, irakurtzerakoan edo kantatzerakoan garrantzi handia ematen diot testuak izan dezakeen erritmo eta sonoritateari. Oso garrantzitsua da niretzat. Askotan, sintaxia piska bat bigarren planoan utzi dut, lehentasuna beti soinuari ematen baitiot. Eta ez bakarrik kantatzeko orduan, baizik eta idazterakoan.

Ez zara beraz hizkuntzaren purista...

Ez. Badira pare bat gauza puristei nahiko itsusiak irudituko zaizkienak, baina beno, nire lehentasuna ez da hori.

Zure musikak, Neil Young eta Bruce Springsteenen eragin nabarmena du...

Eta Bob Dylanena, batez ere.

Zure hiru erreferentzia nagusiak dira hauek?

Badaude gehiago, baina horiek izan litezke nabarmenenak. Dylan bere osotasunean gustatzen zait, bai testu egile, musikari eta sortu nahi duen mundua kontuan hartuz. Springsteen musiko bezala interesetzen zait, duen intentsitate eta indarra, batik bat. Neil Youngena, daukan abesteko sensiblitatearekin gustatzen zait.

Besterik bai?

Van Morrisonen gustu ona.