Hemen zaude: Hasiera Artistak Mandarin Dotore Hemeroteka Gutizia bat entzun, ikus eta irakurgai

Gutizia bat entzun, ikus eta irakurgai


Txinako poemekin Egigurenek, Senperenak eta Zumetak egin lana eman du Paper Hotsak-ek


Ainara Gorostitzu - DONOSTIA

Txinako Tang erresuma urruti gelditzen da. Urruti espazioan, urruti denboran. Joserra Senperena, Rafa Egiguren eta Jose Luis Zumetak VII. mendetik X.era arteko garai haiek ekarri dituzte orain gurera. Herdoil eta kola usaina duen disko-liburu ilustratuan.

Gaztelupeko Hotsak musika argitaletxearen adar berri batek, Paper Hotsak izenekoak eman du argitara Senperena, Egiguren eta Zumetaren emaitza. Goxoki bat, gutizia bat. Lehena da Txinako olerkarien omenez Mandarin dotore izeneko hori, baina zigilu berriak aurki izango du bigarren disko-liburu ilustratua kalean, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Mikel Valverderen uztardura, hain zuzen.


Txineratik gurera

Rafa Egigurenek txineratik zuzenean euskaratu ditu Tangdarren erresumak Txinan indarra zuenean hain ospetsuak ziren poematxoak. «Ekialdea orain ere urruti dago, baina bart guk ikusi dugun ilargi berbera ikusi dute haiek», esan zuen Egigurenek. VII. eta X. mendeen artean olerkigintza jakintza ezinbesteko zen goi mailako behargin izateko, poetaren titulua behar zen mandarin dotore izateko. Azoketan eta tenpluetan idazten zituzten poematxoak, herritar guztiek buruz ikasi eta errezitatzeko. Guztira 500.000tik gora sortu zituzten, baina 50.000 inguru soilik daude liburuetan gordeak. «Bidegabekerien kontra eta menderatuen alde idazten zuten olerkari bidaztiek, eta herrimina ere agertzen zuten», azaldu zuen euskaratzaileak. Poema laburtxoetan gizakiaren eta naturaren arteko ezinbesteko harremana eta oreka nabarmentzen da.

Joserra Senperenak, poema bakoitzak sortzen zion sentimendutik abiatuz, 30 pieza labur sortu ditu pianoan. «Nostalgia, natura asko dira ibai eta mendiei eginiko aipamenak, gizakia munduaren erdian, arazo sozialak, noblezia eta boterearen kritika... idatzi zuten txinatarrek duela hamabi mende, eta ezer argi eduki gabe sortzen hasi nintzen; esnatu, poema bat hartu eta horrek sentiarazten zidanaren arabera sortu dut», azaldu zuen piano jotzaileak. Emaitzak «harritu» egin du Senperena bera: «Poemek hainbeste hunkitu naute, non harritu egin nauen horren gainean egin dudan lanak». Laburrak bezain sakonak dira poemak eta musika piezak.Paper Hotsak argitaletxe berriaren lehen lan honetako hirugarren zutabea Jose Luis Zumeta da. Disko-liburuaren diseinutik abiatuz, metal koloreko txapa azidoz blaitua eta marraztua, herdoilez zulatutako marrazki batekin orriz orri, txinerazko bertsioak eta euskarazko itzulpenak janzten dituen kolore biziko zazpi ilustrazioak egin ditu margolariak, poemak eta musika ezagutu ostean. Gutizia bakoitza, disko-liburu ilustratu bakoitza, diferentea da, banan-banan inprimatu baitira, edizio mugatuan.