Hemen zaude: Hasiera Artistak Mamba Beat Hemeroteka Dantza eta gozamena

Dantza eta gozamena


MAMBA BEAT

Profeta guztiak ados dira: garai berriak datoz. Rockaren urte luzeetako nagusitasuna kolokan da, ondorio berehalakoak dituen birus kutsagarri bat astiro baina gero eta indar handiagoz hedatzen ari baita Euskal Herrian zehar, eta haren aurkako antidotorik ez da ezagutzen oraingoz.
Hala ere, ez dadila alarma piztu, arriskurik ez baitu, aitzitik, guztiz osasungarria da eta horregatik dago hain sustraitua beste lurralde batzuetan. Denbora kontua zen gurera ere iristea. Ez du sorleku finkorik, Kuban, Brasilen, Jamaikan, Afrikan edota AEBetan aurkitu dira haren aztarnak, baina dena dela jatorria, eragin bera du harekin kontaktuan jarri orduko: dantza egiteko gogoa pizten du kutsatuengan.
Birusaren hedatzaile sutsu eta bikain ugari agertu dira gure bazterretan, horietako azkena Bilbon. Afrikako suge pozointsu baten izena du eta 2006. urteaz geroztik ari da hurbiltzen zaion oro dantza makina bihurtzen. Eginkizun horretarako elkartu baitira ibilbide luzeko musikariak Mamba Beat taldean. Lau kidek osatzen dute taldearen oinarria: Rafa Aceves (teklatuak; Txuma Murugarrenekin eta Peace Monkeys taldean aritutakoa), Mikel Piris (flauta, saxofoia, ahotsa eta sanplerrak; The Cherry Boppers, Doctor Deseo), Miguel Comas kubatarra (baxua, programazioak eta sanplerrak; Soul Business) eta Igor Imaz (bateria, perkusioak; Lovercraft). Wagon Cookin', Ortophonk, The Cherry Boppers, Javi Pez Orquesta, Delorean, Makala... Dantzarako musika proposamenak beren lekua hartzen ari dira Euskal Herrian, eta Mamba Beatek bere hondar alea ipini nahi du eszena horren finkatzean. Jendeak une hori eskatzen duela uste du, dantza eta gozamena.

Imanol Ubeda - Loyola media magazine 57