Hemen zaude: Hasiera Artistak Los Galerna Ibilbidea

Ibilbidea

Los Galerna osatzen duten musikariak gazteak dira, baina ez hasiberriak, aurkakoa baizik. 2008an Euskal Herriko rock instrumentalaren ur geldoak aztoratzen hasi aurretik, beste hainbat proiektutan ibiliak dira arrasatearrak, guztiak rock-and-rolleroak eta indartsuak: The 5 Twisters, Foxy Boxxi, Lost Souls eta beste.

Rock-and-roll izerditsua egiten aritu ostean, Arrasateko laukoteak Los Galerna sortu eta, erronka moduan, rock instrumentala hartu zuen jomugan. Lehenengo diskoarekin The Ventures, The Shadows eta surf-rockaren beste hainbat klasikoren tamainako piezak plazaratu zituzten eta oinarrizko proba gainditu. ‘Surfusion’ diskoa egiteko, berriz, saxoarekin boskote bihurtu eta garapen zein irudimenez jositako kantuak idatzi zituzten, latino eta funkytik, surf-rock klasikotik, psikodeliatik eta garagetik barra-barra edaten dutenak.

Egia da taldeak ez duela hurbilean lehiakiderik, eta edozein agertokitan direla, kanpoan jotzen dutenean ere, maila oso goian uzten dute mexikarrek egiaztatu ahal izan duten bezala. Hain zuzen ere, taldeak, ikuskizuna ematearekin batera, punk eta rock-and-roll bizienaren astindua ematen die ahotsik gabeko kantu are eta irekienei.

2013. urtean saxoa taldean erabat barneratuta, ‘Akelarre’ hirugarren diskoa kaleratu dute. Misterioz mozorrotutako erritual arriskutsu horretan birtuosismoa, ukitu vintagea, orkestren dotorezia, westerna, swinga, 70eko hard-rocka, garagea eta doinu beroak ezkutatzen dira. 

 Hainbeste rockzale eta puristen artean, ez da apenas rock instrumentalik lantzen; eta gazte hauek berezko duten sasoiaz, musikan ikertuz eta esperimentatuz, emaitza sendo eta bizia lortu dute, iraganetik zein orainetik daukana, eta jarrera propioak bereizten duena.