Ibilbidea
LOS CORONAS : Surfa eta Rocknrollaren gaurkotasuna eta indarra
1989ra jo behar dugu Los Coronas taldearen jatorria aurkitzeko, Fernando Pardok
–Sex Museum taldeko kidea– Mike Sobieskirekin –Pleasure Fuckers, Sin
City Six– batera “reverb handiarekin eta Dick Daleren surf giroko
erritmo garbiarekin” rock n’ roll irensteko gosea asetzeko moduko
taldea osatzeko saioa egin zueneko garaira.
Saioa 1991ean sendotu zen No Wonder taldeko kide David Kraherekin batera. Ezkontza magiko horrek bere horretan dirau gaur egun, Los Coronas
taldeko bizkarrezurra osatzen du. Davidek, aldi luze batez Sex Museum
taldeko road-managerra izateaz gainera, Fernandorekin partekatzen zuen
jatorrizko rockaren eta aipatutako Dick Dale, The Ventures, Link Wray
eta Jerry Cole taldeen surf giroko musikaren aurreko grina.
Hasiera-hasieratik ondo asko dakite zein diren euren helburuak eta helburu horiek lortzeko bitartekoak. Surf giroko musika talde handiei lehia egin nahi genien [...]
eta argazkietan ikusten genuen nola stratocasterrak, jazzmasterrak eta
jaguarrak zituzten, eta guk ere bide horretatik jo behar genuela
sumatzen genuen; orduan arian-arian aurreratu genuen, eta beste edozein
talde amerikarren hotsen parean egon arte ez genuen atsedenik hartu. 1991ean urteetan zehar erositako gitarrak eta Fender anplifikagailu zaharra baliatzen hasi ginen.
Taldeak Kaliforniako Corona herritik hartu zuen izena, bertan izan
baitzuen Fender etxe handiak 1991. urte arte gitarrak egiteko fabrika,
urte hartan Arizonara aldatu zelako. Taldea Sex Museum
taldeko oinarri erritmikoaren arduradunek osatzen dute: Pablo Rodas
baxu jotzaileak eta José Bruno “El Niño” bateria jotzaileak –1962ko
Rodgers kolorez purpura berdea, beharrezko ukitua, ukitu zuzena, ematen
duena–“.
Taldearen aurreneko saioak eta emanaldiak generoan klasikoak izan direnen bertsioetatik eta eurek sortutako gai batzuetatik elikatzen ziren. Taldearen jarrera integrista da ia: surf kutsuko musika zainetan. Surfa aukeratu genuen Rock n rollean doktoretza ateratzeko estilo. Eta ia gaixotasunera iristen zen exijentzia mailarekin, 91. urtetik ari ginen elkarrekin jotzen eta 95. urte arte ez genuen uste disko bat grabatzeko prest geundenik. Gure helburuak beti ere izan dira oso handiak musikaren esparruan, eta oso apalak arrakastaren inguruan. Atera genuen lehenengo singlea oso eskasa iruditu zitzaidan, nola hotsaren arloan hala interpretazio eta jarrera arloetan.
Kike Tornadok José Bruno "El Niño" anaiaren lekua hartu zuen bateria jotzaile gisa. Aldi hartan hasi zen gorpuzten taldearen hotsa, aldi hartan hasi zen berezko nortasuna izaten surf giroko munduan. Hiru urte joan ziren hasi ginenetik LP-a grabatu genuen arte. Lehendik 12 abesti grabatu genituen, eta horietatik hiru baizik ez genituen single batera jaso; beste abestiek ez gintuzten asebetetzen, hau da 95. urtera arte ez ginen ohartu doinu zoragarriak eskaintzen zituztela. Urte hartan Tritone Los Coronasekin argitaratu zuten iraupen luzeko lehenengo lana, eurek sortutako 9 gai oso biziek eta hiru coverrek lagundurik, The Rutsen "Babylon's Surfin", The Venturesen "Fugitive" eta John D. Loudermilken "Windy and Warm". Taldearen eragin guztiak biltzen dituen LP-a da, eragin horiek The Venturesen hots klasikoen islak direla, Los Coronasen hastapenak markatu zituztenenak, rockabilly ukituekin eta film kutsuko lerroekin nahasirik. LP-ak oso harrera ona izan zuen jende artean eta taldearen gaiak R n' R eta AEB, Japonia, Alemania eta Suediako surf kutsuko musika bildumetan jasotzen hasiak izan ziren. Phil Dirtek LP-aren berri eman zuen bere web orrian, oso kritika onekin. Diskoaren bidean jendea Pulp Fiction filmaren hots banda hautematen hasi zen, eta horrek surf kutsuko musikaren aurreko interesa berritu zuen. Esan dezagun Tarantinoren filmaren hasierako eszenak ("Everybody cool, this is a robbery!!!"), Dale Jainkoaren "Misirlou"-ren dardara biziarekin, surf kutsuko musikaren lehena eta geroa zehazten duela (esker aunitz, Quentin).
Une horretatik aurrera surfaren ohi ez bezalako revivala gertatzen da; izan ere, Pulp Fiction filmak izugarri biziberritu zuen eszena, eta publiko berri ugari erakarri zuen. Filma aretoetara iritsi baino urte bete lehenago, gu ikus-entzutera etortzen ziren gehienak harritu egiten ziren surf kutsuko talde batek Beach Boys moldeko abeslari bat ez zuela ikusirik. Gu lehenago hasi ginen, eta gero etorriko zen guztia. Gure jarduna bertan behera utzi izan bagenu, agian jendeak esango zuen : bikain, onenak dira. Ez dugu esango Pulp Fiction ezin hobe etorri ez zaigunik, eta Alemaniako jaialdietan jotzeko aukera eman ez digunik, surf kutsuko musika beti ere gutxiengo baten zaletasunera mugatu denean*.
Lehenengo bildumaren oihartzunak artean isildu ez zirenean, 1996an
Gen-U-Ine Sounds-ek, argia ikusi zuen Tritonerekin. Gai guztiak eurenak
dira, eta lehenengo LP-an ez bezala, gau bakar batean grabatu baitzen,
konposizioak landuagoak direla hautematen da. Oraingo honetan Marta
Ruiz ez da kredituetan interpretari gisa ageri. Gisa honetan ikusten du
Fernandok lan hau: “batez ere ez genuen jarraipen lan bat egin nahi,
baizik eta lehenengoan falta genuena bigarrenean ipini [...].
Lehenengoan
gai jakinen inguruko abestiak genituen, bizitasun eta lastertasun jakin
batekin, eta bigarrenean halako koherentzia eman nahi izan genion
lehenengoari, haren gabeziak konpentsatze aldera. Historia purutik ihes
egin gabe, ahalik eta gehiena zabaltzeko saioa izan zen, ez zitezela
aurrenekoaren moduko hotsak izan". Eta taldearen hots sendotua dena
islatzen jakin zuten, surfaren sustraietatik sortu eta arian-arian,
urrats sendoak eginez, generoaren aurrean taldeak duen berezko
ikuspegirantz eginez.
Neo-surfaren unerik gorenean taldeari hots egin zioten Dick Dale
maisuak lehenik Espainian barrena egin beharreko itzulian sarrera-talde
gisa jardun zezan, gero Europako izen handiko hainbat jaialditan
(Beat-o-mania) parte har zezan eta 1997an Festimadeko bigarren edizioan
jo zezan.
2000. urtean jada, Kikik Sex Museum eta Los Coronas
taldeak uzteko eta musikari profesional eta estudioko musikari izateko
erabakia hartu zuen. Talde bietan utzitako hutsunea Roberto Lozanok,
“Loza” deituak. hartu zuen (Fernando: “Loza bateria jotzailea aurkitu
izana funtsezkoa izan zen, eta taldearen salbazioa, nolabait esateko”).
“Lozak” Fernando ezagutzen zuen azken honek Móstoles hiriko Sobrinus
taldearen bigarren LP-a, Zapin izenekoa, ekoitzi zuelako eta Loza
talde horretako partaidea zelako. Lozak halako egonkortasuna eta
egokitasuna eskaini zizkion Los Coronas taldeari; “surfaren mamia
ongien ulertu duena da bera, ez da Kiki bezain gogorra baina
adar-joleagoa da”. Berehala elkar ulertu zuen Pablo Rodasekin, harekin
osatu baitzuen denbora askoan Sex Museum taldeko oinarri erritmikoa.
Urte batzuk grabatu gabe eman arren, bandak ordurako bazuen talde
“jasoaren” izena, oso ospe ona zuen nola prentsan hala jendartean, eta
Eddie Angelen Straitjackets taldeak hots egin zion 2002an Espainian
barna egin beharreko itzulian lagun izan zezan.
2003an Calellan (Bartzelona) urtero egiten den Wipe-Out Weekend
jaialdiko edizioan parte hartu zuen. Jaialdi honek rock n' roll, garage
eta surf kutsuko talderik onenak biltzen ditu urtero. Bizitasun handiko
emanaldi bikainak jaialdia antolatze4n duen El Toro Records etxearen
interesa piztu zuen. Adostasun batera heldu eta aurreneko LP-ak berriro
argitaratzeko konpromisora iritsi ziren alde biak, bilduma baten
gisara, The Vivid Sound of... Los Coronas izenburuarekin. Diskoa
digipack formatuarekin aurkeztu zen eta dendetatik desagertutako
grabazio zaharrak jendearen eskura jartzeko taldearen borondateari
erantzun zion ekimenak. Argitara gabeko lau gai bildu ziren bilduma
hartara: Link Wrayren “Rumble”, T. Schmidten “80 Foot Wave” eta
taldearen “Racin’ Sidecars” eta “Racin’ Motorcars”, LP-ko lehenengo eta
azkeneko gaiak.
Une horretan Pablo Rodasek Los Coronas taldea utzi zuen, eta Javi
Polok, The Winnerys taldeko baxu jotzaileak hartu zuen haren lekua.
Vivid Sounds lana kaleratu eta berehala Caliente Caliente lana grabatu
zuen taldeak 2003ko abuztuan. Nahasketak egiteko prozesuak eta azken
orduan aldatu beharreko estudioak atzeratu egin zuten lanaren
argitalpena 2004ko urtarrilera arte, beti ere bere buruaren kudeatzaile
den Tritone Records etxearekin eta Peer Music-en laguntzarekin.
LP honetara taldearen bahetik iragazitako lau bertsio (The Beatlesen
"Day Tripper", Bill Doggeten "Honky Tonk", Dick Daleren "The Wedge" eta
Johnny Riversen "Secret Agent Man") eta taldeak ondutako hamar gai
berri biltzen dira.
Disko hau egiteko unean hirukote batek osatzen du taldea (Fernandok Danelectro baten laguntzaz grabatu zituen baxuarenak), eta gai berrietan ondo hautematen da beti ere bila izan duten hotseranzko bilakaera: “grabatzeko gogoz ginen eta, azkenean, nahi genuen modura aditzen zen gure musika: unea iritsi zen. Uste dut orain baietz, gure musika erreferentzien mailako zerbait eskaintzen dugulakoan nago”.
Emaitza ikusgarria da; Gorabeherarik gabeko LP bat, arrakalarik gabea, goi-eskolako surf musika gordina, maisuenganako keinuez beterik baina etorkizunari begira eta grina biziz; generoan klasikoak direnen mailako gaiez osatutako bilduma, beti ere taldearen bahetik iragazirik. Nahasketa eta masterizazio lanetan Karim Burkhalterrek egindakoei esker, hotsa bikaina da.
Labetik atera berriko diskoarekin, izenburuak iradokitzen duen bezala, errepidera bidean jarri zen taldea artean amaitu ez den itzulia osatzeko. Espainia osoan barna ibili zen 2004ko Festimad jaialdian beste une gorena bizitzeko; bertan gai berriak aurkeztu zituen milaka lagunen aurrean. Esan dezagun taldea bere unerik gozoenean dagoela sorkuntzari dagokionean.
Tarte horretan Javi Polok taldea utzi zuen 2004ko udan, eta Javi Vacasek (La Vacazul) hartu zuen haren lekua. Azken hau taldera bildu izanaren eta Óscar Ybarrak
zuzeneko emanaldietan duen gero eta presentzia handiagoaren ondorioz,
taldearen hotsa gero eta biziagoa da, une honetan prestatzen ari den
gai berrietan islatuko den bezala.
Horrela, boskotea bihurturik eta soinu borobila lortuta, 2005ko
bukaeran erabaki zuten taldearen egunekoa grabaketa batean jasotzea.
Los Coronasen bilbidea laburbiltzen duten 16 kantuak grabatzeko
Fernando eta Karim arduratuko dira. Mexikon bira arrakastasua eginez, Surfin Tenochtitlan titulupean kaleratu zuen Isotonic Recordsek bertan eta 2006ean Gaztelupeko Hotsaken eskutik argitaratuko da Espainarako. Carlos Alderete marrazkilariaren diseinu dotorearekin. CD eta binilo doblean

