Hemen zaude: Hasiera Artistak Lauaxeta 2005 Ibilbidea

Ibilbidea

  ESTEBAN URKIAGA LAUAXETA (1905-1937)           BIZITZA
        Laukinizen (Bizkaian) jaioa. Durangoko jesuitetan egin zituen ikasketak. Gero, jesuita izateko asmotan, Loiolara joan zen. Han hasi zen euskal lanak egiten. Baina, jesuita izateko asmoak utzi eta, Bilbora joan zen. Ordutik aurrera Euzkadi egunkarian aspergabe idatzi zuen. Abertzale sutsua zen; azken urteetan mitinak ematen ibili ohi zen. Azken gerratean atzilotua eta Gasteizen afusilatua izan zen.           IDAZLANA
        Hitz-lauz ere asko idatzitakoa da Lauaxeta, eta idazle ona zen, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Baina, ezagunena bere olerkiengatik dugu, eta horretara mugatuko gara. Honako liburu hauetan aurki daitezke haren poesia gehienak:
        —Bide Barrijak. Bilbao 1931. Euskaraz eta erdaraz. 142 poesia.
        —Arrats-beran. Bilbao 1935. 40 olerki.
        —Olerkiak. Bilbao 1974. Etor 21. Bi aurrekoetan daudenak eta beste batzu.           ERITZI KRITIKOA
        Bizkaieraz idazten du. Ele lander baten seme jaio nintzan, esaten du berak. Antzinako euskara literarioa eta herri-hizkuntza mordoiloa gutxi estimatzen ziren garaitan bizi izan zen. Aranatarra genuen: garbizale amorratua eta hitz berri eta aditz sintetiko asmatuak gehiegi darabiltza. Hori hizkuntzari buruz.
        Olerkari bezala, berriz, euskal poetarik onenetakoa; bizkaieraz ordura arteko hobena.
        Euskal poesia tradizionalaren bideak utzi eta, Europan zehar zebiltzan haize berritara jo zuen; batez ere, frantses olerkariak maite zituen. Berak dio: «Pioner gazte gara». Eta horixe izan zen: pioner gaztea, aurrelaria.
        Lauaxetak Bide barrijak liburuan frantses sinbolisten joera du. Bere deskripzio eta irudiez, zuzenean emana ez beste zerbait adierazi nahi du. Parnasianismoaren kutsua ere ba du: parnasotarrek bertsoaren formari eta txukuntasunari asko begiratzen diete; era berean, Lauaxetaren bertsoak ere leunak eta apainak dira.
        Izan ere, Lauaxetak, edozein idazle handik bezala, besteren influentzia ukan zuen; baina besterena izandakoa «berea» egiten du. Berak dio: «Or-an entzun eta ikasi dodazan gogai batzuk, neure biotzaren barnetik euzkeralduta, agertu dodaz» [42].
        Bigarren liburuan, Arrats-beran, gai herrikoietan oinarritzen da. Gai arinak eta alaiak askotan, eta neurtitz laburrekoak.