Hemen zaude: Hasiera Artistak Karelean Hemeroteka Argi daukagu: gurea ez da estilo zehatz bat, gurea aniztasuna da

Argi daukagu: gurea ez da estilo zehatz bat, gurea aniztasuna da


joseba illarramendi ð- Karelean taldeko musikaria

Kultura

Karelean taldeak disko berria plazaratu du. 56. gelatik; prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian lan berria aurkezteko

iker leturiondo Urolakostako Hitza

Karelean taldeak 56.gelatik izeneko disko berria aurkeztu zuen atzo Donostiako Alde Zaharreko liburutegian. 4 zestoarrek eta azpeitiar batek osatzen dute talde beterano baina berritzaile hau. Olatz Prat azpeitiarra da taldearen ahotsa, Joseba Illarramendi soinua, Bitti Tena baxua, Raul Olaizola kitarra eta Aitor Korta bateria. Illarramendi gustura eta gogotsu dago lanaren emaitzarekin.

Zer dator 56. gelatik?

Diskoko kantu baten izena hartu du lanak eta gela horren barruan dagoen pertsona baten istorioa dator bertatik. Xabi Borda idazle azpeitiarrak egin ditu kantuaren hitzak eta, bertan kontatzen dena asko gustatu zitzaigunez, izen horixe ematea pentsatu genuen.

Zer aurkituko du Karelean sekula entzun ez duen norbaitek zuen azken diskoan?

Aniztasun handia aurkituko du, kantuak osatzerako orduan beldurrik gabe ibili garelako. 5 taldekide gara, bakoitza bere gustuekin eta estiloarekin. Hori dela eta, rock and roll-a, elektronika, flamenkoa nahiz musika arabiar ukitua duten kantak sortu ditugu.

Eta zein ezberdintasun aurkituko dituzte Karelean lehendik ezagutzen zutenek?

2006an grabatu genuen maketarekiko garapen bat nabari daiteke. Aurrekoa diskoa anitza baldin bazen, oraingoan are gehiago ikusten da aniztasun hori.

Karelean al zaudete 56.gelatik-en emaitza ikusita?

Oso gustura gaude, bai, lortutako emaitzarekin. Ez dakit zorionaren irudia den karelean al gauden, baina bai egindakoarekin oso pozik.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin aritzeak izango zuen eragina diskoaren azken emaitzan...

Produkzio aldetik askoz ere landuagoa izan da maketarekin alderatuz. Maketa egun t'erdian grabatu genuen eta 56.gelatik grabatzeko 2 hilabete inguru eman ditugu egunero entseatzen. Bi diskoak Josu Zubizarretarekin grabatu ditugu, baina oraingoa berak Azpeitian ireki berri duen Lobo estudioan. Estaniz Elortzak berriz masterizatu digu.

Kolaboraziorik izan al duzue?

Bai, Aitor Lisanak, Cadizko (Espainia) lagun batek, saxofoia jotzen du abesti batean; Ttakunpa taldeko Mikel Abeirok konga sartu du beste batean; eta Grises Sueños talde zestoarreko kideek lagundu gaituzte kantu elektroniko batean.Gainera, Xabi Borda, Patxi Zubizarreta eta Xabier Leteren hitzak erabili ditugu.

Estilo zehatz batean kokatzea zaila den musika da zuena. Honek zuen alde edo aurka egiten du?

Egia esan, ez diogu batere garrantziarik ematen horri. Estilo finko bat dutenek, estilo horren zale diren jarraitzaile kopuru bat ziurtatua dute. Baina argi daukagu: gurea ez da estilo zehatz bat, gurea aniztasuna da.

Zein asmo dituzue etorkizunera begira?

Aurkezpen kontzertua emango dugu martxoaren 7an Azpeitiko Gaztetxean, Uztarria aldizkariaren urteurrenaren ospakizunean. Hurrengoa Azkoitiko Matadeixen izango da, martxoaren 29an. Primeran pasatzen dugu zuzenekotan eta gehiago ere izango dira.