Hemen zaude: Hasiera Artistak Jimmy Bidaurreta Ibilbidea

Ibilbidea

Jimmy Bidaurreta (Donostia, 1971) goi ikasketetan tituluduna da Donostiako Udal Kontserbatorioan. Gero Jazz & Worldmusic ikasi zuen Rotterdam Conservatoriumen Nueva Manteca taldeko aitzindari Jan Laurens Hartongekin. Aipatutako taldea erreferentzia da Europako Latin-jazz moldean.

Musika Modernoa ikasgaian irakasle izana da Iruñeko Pablo Sarasate Goi Musika Kontserbatorioan eta fagot eskolak ematen ditu Gasteizko Udal Musika Eskolan. E.G.O.ko kidea izan zen Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Gasteizko Udal Musika Bandarekin lan egin du.

Gaztelupeko Hotsak etxearen marka Dantza Baltza-ren sorrera bultzatu du. Atal hau dantzatzeko musikari emana dago, musika beltzei edo/eta elektronikoei, eta berarentzat sortuak ditu, beste proiektu batzuen artean, Hotsak Dantzan saila, non berrikusi eta nahasten dituen zigiluaren katalogoa eta gainerako euskal musika. Aurreneko lana 2008ko Gazte Sariak lortzeko izendatua izan zen eta bigarrena luze gabe egonen da kalean.

Gasteiz Big Band taldeko burua da eta talde honekin 7”-ko binilozko single bat grabatu du “Dantza Baltza”-rentzat, big band baten hots klasikoa oinarri elektronikoekin, rap, scratching, perkusio latino eta besteekin nahasiz. Proiektu honekin aurkeztu zen Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean musikaren egun europarrean, 2008ko ekainaren 21ean.

Javi P3Z taldearekin lan egin du eta Spots CD-a grabatu du, eta Javi P3Z Orkestra bandarekin jardun du Donostiako 41. jazzaldian, Supernatural Jaialdian (Utretch, 2005) eta Cultura Urbana Jaialdian (Madril, 2005). Bere hots bandaren pianoa grabatu zuen D. Fabdósen “Cosmos” filmarentzat.

Makala taldearekin parte hartu zuen haren “Hondartzan” CD-a grabatzeko orduan. Lovemonk etxeak argitaratutako “Cartoon Tune” single berriaren gaia ekoitzi du.

Ortophonk taldeko tekla jotzailea da, eta talde honekin New Mood Jazz Festival 2008 jaialdian parte hartu du. Soul-Funk Acid Gazz taldeko kidea izan zen, eta talde honekin jo zuen Donostiako Jazzaldiaren 39. eta 41. edizioetan.

Jimmy Carraquelas ezizenarekin Barrio Negroren “Bailame” gaia nahasten du “Más Achilifunk” izenburuko lanarentzat, Txarly Brownen “Achilifunk” lanaren 2. partearentzat.

Musika latinoa egiten duten hainbat musika talderekin jo du, esate baterako, Tumbaíto, Ghetto pa’lante, Sonora Candela eta Carlinhos Gonçalvesekin (Holandan egindako egonaldian), eta Bilbao Tropikal Jaialdian (1996, 2004), Universijazz (Iruñea, 2003) eta Musika Hamabostaldian (1997) jo du.

Jon eta Aitor Sarasua bertsolarien “Fauna txiki bat” (1995) CD-aren grabazioan zuzendariarenak egin zituen. Josetxo Orueta baxu jotzailearekin batean “Argot” CD.a (1997) ekoitzi zuen.

Dantza, antzerki, dokumental eta zinearentzat hainbat lan egin ditu Tanttaka (Hansel eta Gretel), La Tentación (Historias Terraterrestres), Damián Muñoz Danza (Las Mentiras del Entusiasmo), Diapolan (Tener 13 años en el 36, gerra zibilari buruzko dokumentala), Aztarnak (Edurne Pasabanen mendi dokumentala) eta Navigating Peace konpainiekin. Yolanda Torresen “Nocturnia” filmarentzako hots banda sortu zuen.