Jeronimo Martin Trio Basaurin eta Leioan
Nontzeberri 2007-2-12
Bluesjazz Zirkuitoaren barruan, otsailaren 14an, 19:30ean, Basauriko Arizko Dorretxean Jeronimo Martin Trio taldea arituko da, Jeronimo Martin piano jotzaileak, Hasier Oleaga bateria jotzaileak eta Javier Mayor kontrabaxu jotzaileak osatutako hirukotea.
Piedraescrita, musika klasiko, folk edo flamenkoa bezalako iturrietatik edaten duen diskoa da euren azken lana (Hotsak). Taldeak Musikene Kontserbatorioan du sorburua. Hirukotearen kideak musika afinitateengatik elkarrengana hurbildu eta ideia poliki joan zen mamitzen. Jose Felix Azkarate Xarra Errabal zigiluaren arduradunaren ustetan, Piedraescrita diskoan musika norbanakoaren lanaren gainetik dago: guztizkoak beti ere gainditzen du zatien batura. Ez dago zalantzarako tarterik, zalantzak, zalantzak asmatzeko planteatzea baino ez, ez baitago aurkitzerik bilatu gabe. Taldean oreka da nagusi. Jeronimok ematen dio izena taldeari, baina beste kide bien presentzia izugarri inportantea da.
Errabalek antolatutako Debajazz Lehiaketaren iazko edizioan ezagutu zuten elkar zigiluaren arduradunek eta Jeronimo Martinek. Harako hartan hartu zuten diskoetxean proiektu honetan sartzeko erabakia. Euren ustez, Jeronimoren jazza ez da erraza sailkatzen. Are gehiago, jazza baino gehiago, ondo egindako musika da, musika optimista inondik ere. Edozein kasutan, kalitatezko diskoa kalitatezko musikariek egina. Lan honetan Jeronimo Martinek azken urteotan sortutako musikaren hautaketa topatuko dugu. Musikari dagokionez, inprobisazioaren bidez, eguneroko lanaren bidez, kantak sortzen dira. Eta diskoan azken urteotako kantak ageri dira. Oso musika pertsonala da.
Pieza guztiak Jeronimo Martinek berak konposatutakoak dira hiru izan ezik: Neopussy, Debussy-ren hari laukotearen soinu batean oinarrituta, ¡Arriba el tono!, Miles Davis-en Tune-upen oinarrituta eta Homenaje a un fandago extremeño, Extremadurako herrikoia.
Otsailaren 16an ere talde hau entzuteko aukera izango duzue Leioara hurbiltzen bazarete. Café Ambigú aretoan izango dira ostiralean, 22:00etan.

