Hemen zaude: Hasiera Artistak Jeronimo Martin Trio Hemeroteka Hainbat estilo biltzen dituen guneak aurkitu nahi izan ditut

Hainbat estilo biltzen dituen guneak aurkitu nahi izan ditut


-------Jeronimo Martin, piano jotzailea-------

Miren Aranburu, Sant Pau 44, Jon Urrutia, Asstrio, Teresa Zabalza, Sumrra edo Victor de Diego dira Errabal zigiluan topa daitezkeen izenetako batzuk. Azkena Jeronimo Martin Trío dugu, Jeronimo Martin piano jotzaileak, Hasier Oleaga bateria jotzaileak eta Javier Mayor kontrabaxu jotzaileak osatutako hirukotea. Oraindik orain aurkeztu dute Piedraescrita, musika klasiko, folk edo flamenkoa bezalako iturrietatik edaten duen diskoa.

Nola sortzen da proiektua?

Azken urteotan idatzi eta findu ditudan konposizioetatik jaiotzen da proposamena. Kantak neureak dira konponketa bakan batzuk alde batera. Gehien-gehienak kantu originalak dira. Proiektua ez zen disko bat grabatzeko asmoarekin sortu, modu naturalean baizik, gauzak gertatzen diren moduan. Musikene Euskadiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren inguruan hasten da mamitzen. Lehendik Hasier Oleaga bateria jotzailea ezagutzen nuen. Musikenen, berriz, Javier Mayor kontrabaxu jotzailea ezagutzeko parada izan nuen. Emanaldi batean nire pieza bat jo ondoren, garai hartan garatzen ari nintzen konposizioak jotzeari ekin genion. Emeki-emeki hirurok elkarrekin martxan jartzen ari ginen musika aurrera ateratzeko ideia sendotu zen, nola eta hirukote formatuan: piano, kontrabaxu eta bateria.

Diskoaren aurkezpenean Jose Felix Azkarate Xarrak nabarmendu zuen diskoan musika norbanakoaren lanaren gainetik dagoela

Esan legez, Musikenen, elkarrenganako sintonia antzeman eta formatu horretan saiatzea erabaki genuen. Hala Javier Mayorrek nola Hasier Oleagak ikaragarri lagundu didate nire konposizioak aurrera ateratzen, eguneroko lanean, diskoaren grabazio proiektuan, zuzenekoetan... Asko zor diet, batez ere Hasierri.

Zer esan dezakezu musikari buruz?

Konposizio eta inprobisazioaren bidez, pianoarekin egiten dudan eguneroko lanaren bidez, kantak sortzen dira. Prozesu honetan kanta batzuk gordetzen ditut, beste batzuk zakarrontzira botatzen ditut eta batzuek aurrera egiten dute. Eta diskoan azken urteotako kantak ageri dira. Oso musika pertsonala da. Lagun batek esan berri dit autore jazza egiten dudala. Ez dakit, nik neuk ez dakit oso ondo non kokatu nire musika. Argi dut ez dudala estilorik fusionatu nahi, baizik eta hainbat estilo biltzen dituen guneak aurkitu, eta nirea dena gune horietan adierazi.

Zeintzuk dira eraginak?

Musika entzutean berehala ohartuko gara gehiago duela Europako jazzetik eta inprobisatutako musikatik jazz afroamerikarretik baino. Hau nire musikak duen marka da. Inguruko elementuek erakartzen naute batez ere: musika klasikoa (inpresionista eta garaikidea), popa, folka, flamenkoa eta, nahiz eta beste lurralde batetik etorri, tangoa bera ere. Tangoak indarra du gure artean. Ez naiz jazz jotzaile estandarra, ez klasikoa. Gure kultura eta inguruko kulturek biltzen dituzten elementuetan oinarritutako musika aldarrikatzen dut, beti ere jazz afroamerikarra mespretxatu gabe.

Diskoak dakarren testuan honako hauxe irakur daiteke: Keith Jarret eta Chano Dominguezen arteko leku lanbrotsu batean, unibertso bi, elkarren artean batere zerikusirik ez dutenak, antza.

Irakurri nuenean ezin izan nion barreari eutsi. Argi gera dadila ez dudala zerikusirik edo antzik jazzaren figura biokin. Testuaren helburua ni kokatzea da, hots, jazz zaletuei adieraztea nondik nabilen. Erreferentzia pare bat eman, denok baititugu erreferentziak gure bizitzan. Gainera, testuak dio leku lanbrotsu batean nagoela, kar, kar, auskalo non, hor nonbait galdutako bailara ilun batean.

Libitum taldean ezagutu zaitugu, piano, kontrabaxu eta bateriak osatutako banda. Berdina behar zuen ezinbestez?

Ez, inondik ere ez. Izatez, betidanik gustatu izan zait saxoz osatutako laukotea. Beste talde batzuetan ere ibilia naiz, laukoteetan, non talde lana egiten genuen. Are gehiago, Sacrative taldean, Bilboko fusion jazz taldea, Salva Salazar gitarra jotzailearen musika garatzen genuen. Oraingoan ere gustura sartuko nintzatekeen laukote batean, baina hirukote sortu da azkenean. Eta ez dut damurik. Mugak muga, formatu txikiko musika sortzea gatzagoa da.

Diskoak badu intro bat non haur batek kantatzen duen norvegieraz...

Hala da. Max Speck bederatzi urteko haur alemaniarrak Norvegiako Gabon Kanta baten zati bat abesten du 22 segundoz. Max boladak ematen ditu Bilbon. Haietako batean nire lagun batek, jolasteko eta dibertitzeko asmo hutsez, CD bat grabatu zuen bere etxean hainbat kantarekin. CDa entzutean, inspiratzeko oso egoki iritzi nion eta pentsatu nuen baliagarria izan zitekeela diskoa zabaltzen duen kantan, Noviembren, txertatzeko.

Kantuak zureak diren arren, badaude hainbat konponketa...

Hiru, zehazkiago esateko: Neopussy, Debussy-ren hari laukotearen soinu batean oinarrituta; ¡Arriba el tono!, Miles Davis-en Tune-upen oinarrituta; eta Homenaje a un fandago extremeño, Extremadurako herrikoia. Extremadurako fandangoa umetatik ezagutzen dudan kanta herrikoia da.

Piedraescrita. Hitz bi lotuta izenburu baterako...

Gurasoak Extremadurako Piedraescrita herritik datoz. Horra misterioa. Eta hain zuzen ere, Homenaje a un fandago extremeño kanta euren sorterri eta nire sustraien zati bati buruzkoa da. Piedraescrita Badajozko nekazarien eskualde batean dago, eta nire musikan dauden hamaika sentimendu dakartza. Bestalde, jendeak bi hitzotan murgiltzea ere gura nuen.

Portadan, ordea, Bilboko Itsasadarra eta moila bat ageri da...

Argazkiak Gotxi eta Garbiñe Ortegak atera dituzte. Diseinua Gotxirena da. Oso lan ona egin dute. Zorrotzaurren barna pasieran nenbilela, diskoaren portadan agertzen diren eskailerak ikusi nituen. Nire musika eduki emozionalarekin bat egiten zutela iruditu zitzaidan.

Diskoa egun bakar batean grabatu duzue...

Bai, abuztuaren 26an Gironako Alguavivako 44.1 estudioan. Egun bakar batean grabatzeak arrisku eta tentsioa ekartzen ditu. Sinetsita genuen lehenengo saioak freskoenak izango zirela. Ez genuen erlaxatu nahi bigarren edo hirugarren egun batekin. Proiektua ondo umoturik zegoen ordurako, urtebete eta erdi generaman han eta hemen jotzen. Jazz munduan ohikoa den moduan, ez genituen estudio-ordu ugari behar. Gainera, zuzeneko emanaldietan sortzen den energia moduko bat adierazi nahi genuen. Nahasketak Gasteizko Cantón de la Soledad estudioan burutu genituen, Juanan Rosen ardurapean.

Jazz-jotzaileei egin ohi zaien galdera: asmorik duzu kanpora alde egiteko?

Ez. Orain urte batzuk Bartzelonara joan nintzen ikasten. Gaur egun Musikene bezalako kontserbatorio bat dugu Donostian eta ikasteko hamaika aukera ematen dizkigu. Nontzeberri.com