Hemen zaude: Hasiera Artistak Hasier Oleaga Ibilbidea

Ibilbidea

Euskal Herriaren luze zabalean antolatzen diren kontzertuetara joateko ohitura duenak seguruenik inoiz egingo zuen topo Hasier Oleagarekin, euskal musikaririk aktiboenetakoa baita berau. Haren ile luzea eta garaiera, bateria jotzerakoan egiten dituen imintzioak eta keinuak, eta agertzen duen grina ez dira oharkabean pasatzen ikus-entzulearentzat. Edozein delarik jotzen ari den musika estilo edo alboan dituen musikariak, begiak erakartzen dituen musikari horietako bat da, eta horretarako ez du indartsu jo edo bakarkako tarte luze eta ikusgarriak egin beharrik. Bateria jotzean gozatzen ari dela igartzen zaio, barruaren sakon-sakonetik sentitzen du ematen duen danbor kolpe bakoitza, sentsibilitatea dario plateren laztantze bakoitzari, eta gozamen hori entzuten eta ikusten ari denari transmititzen dio. Bere neurri fisikoaren pareko maila musikala erakusten du.

Hasier Oleaga (Bilbao, 1979) lagun artean hasi zen bateria jotzen, artean instrumentu hori gustuko zuen oso argi izan gabe. Musika ikasketak umetan hasi zituen, piano eta solfeo klaseak hartzen, baina berehala konturatu zen klasikoaren irakaskuntza pedagogikoa ez zuela gustuko, eta utzi egin zuen. Urte batzuk geroago Ez Zak Etsi! taldea sortu zuen lagunekin, eta instrumentuak banatzerakoan bateria egokitu zitzaion. Zorionez, bateriak musikarako gogoa berriz inarrosi zion, eta gainera jazz musikaren bidea ireki zion. Izan ere, bateria eskolak hartzearekin batera jazza entzutera behartu zuen bere burua. Ez zen erraza izan, hasieran ez baitzuen gustuko, ez zuen ulertzen musika hura, harik eta John Coltraneren A Love Supreme entzun zuen arte. Ulertu ez arren, zerbait esaten zion musika hark, sentimendu eta emozio berriak helarazten zizkion. Gero eta gehiago ezagutzeko gosea piztu zion, eta geroztik jazzak harrapatuta dauka, hala musikaren esentziak berak nola jazzak aldiro musikari ezberdinekin jotzeko eskaintzen dion aukerak. “Aitzakia da bateria. Garrantzia musikaren alde sozialak dauka, jendea ezagutu eta horiekin une ederrak bizitzeak. Konpartitzeak. Hori jazzarekin lotzen dut erabat”.

Eta horrela egin du egon den leku guztietan: lagunak egin eta haien proiektuetan inplikatu, edo bereak sortu. Bartzelonako Taller de Musics-en, Menorcan, Gasteizen, Donostiako Musikene kontserbatorioan... Gaztea izanagatik, ez da erraza parte hartu duen taldeen edo grabatu dituen diskoen zerrenda zehatza osatzea. Jazzaren arloan bakarrik, haren izena aurkitu dezakegu Nevermind Trio, The Heckler, RS Factor, Kase-O Two Quartets Experience, Sant Pau 44 Quartet, Miguel Salvador Project, Iñaki Salvador Trio, Zafari Project, Teresa Zabalza Quintet, Jeronimo Martin Trio edota Asociación Libre Orquesta-ri lotuta. Baina horrez gain, euskal kantagintzaren izen handiekin lan egin du (Gari, Mikel Urdangarin, Mikel Laboa…) eta gaur egun Ruper Ordorikaren Mugalaris taldeko kidea da.

Orain arte beste musikari batzuek gidatutako proiektuen partaide gisa ezagutu dugu Hasier Oleaga gehienbat, oso gutxitan agertu da buru gisa edo bere izenpeko talde batekin. Nahiago izan du horrela izatea. Horregatik, Cantus Caterva egitasmo berezia da bateria jotzaile bilbotarraren ibilbidean, Oleagak berak sortutako hamar kantu jasotzen baititu. Esperientzia luzeko eta aski ezagunak diren beste sei musikari bildu ditu bere inguruan melodietan oinarritutako pieza horiek grabatzeko: Iñaki Salvador (pianoa), Mikel Andueza (saxofoia), Julen Izarra (saxofoia), Fernando Neira (baxu elektrikoa), Jorge Abadias (gitarra) eta Jon Piris (kontrabaxua). Teresa Zabalza (ahotsa)ren kolaborazioa ere izan du. Eta horrek hainbat talde formaturekin jokatzeko aukera eman dio Oleagari: jazz laukote akustikoa, piano hirukotea, boskote eta seikote elektrikoak eta, azken bi kantuetan, haize instrumenturik gabe, Salvadorren eta Abadiasen gainean utziz pisu melodikoa. Bi musikari belaunaldiren arteko bat-egiteak interes handiagoa eransten dio Hasier Oleagaren egitasmoari.