Hemen zaude: Hasiera Artistak Four Friends Hemeroteka Dzanga doinu gardenetara

Dzanga doinu gardenetara


Jon Gurrutxaga

Ez dira asko Euskal Herrian Four Friends-ek egiten duen musikarekin zerikusia duten taldeak. Bizkaitarrak Bilbop izen aproposaz bataiatu zuten lehen diskoarekin estreinatu ziren euskal musikaren merkatuan. Orduan, kantu guztiak instrumentalak ziren: swing gardena hainbat estilotako kolorez jantzia. Taldea osatzen zuten Lau Lagunak ondokoak ziren: **Iñaki Iraeta (gitarrak), Jorge Gómez (bateria), Fernando Iraeta (baxua) eta Eneka Albizu** (gitarra). Estreinako lan hartarako, ordea, beste hainbat adiskidez inguratu ziren. Tartean, Carlos Jover harmonikan eta Joe González saxoetan. Dzanga lanean aurreko kolaboratzaileez gain, Dani Amat perkusionistak ere hartu du parte. Horrez gain, banda bilbotarrari partaide berri eta egonkor bat gehitu zaio: Izar Herran abeslari gaztea, hain zuzen .

Tio Peten berriro

Bilbop bezalaxe, bigarren lana Tio Pete estudioetan grabatu dute José Lastra teknikari zutela. Kantu guztiak zuzenean jaso dituzte, hau da, musikari guztiek batera grabatuz. Eta oraingoan ere, uzta propioko abestiak eta estandar eta klasikoen moldaketak tartekatu dituzte. Bertsioen artean, Cooley eta Davenportek sinatuta 50eko hamarkada amaieran Peggy Leek ezagun egin zuen Fever, Miles Davisen So What eta Marvin Gayeren What's Going On? aurki ditzakegu, besteak beste. Estilo aldetik Dzanga aurreko lana baino irekiagoa dela esan daiteke. Estiloa zehaztea zaila eta batzuetan oso gustukoa ez bada ere, Eneka Albizu gitarra joleak kantu bakoitza zein musika motara hurbiltzen den esan digu: Gure ezpainen derrota popa da, No Problem swinga, Swinging Mama rockabillya, Fever surfa, Enough Of You bluesa, Mambo Inn mamboa, So What 70eko jazz diskora hurbiltzen da, What's Going On jatorriz soula bada ere, diskoko moldaketa rock sinfoniko edo progresibora gerturatzen da, Sparrow 70eko hamarkadako dance musika, Sugar swinga eta Dzanga rockabillya. Dena den, «kantu guztiak entzundakoan zer nolako gorputza gelditzen zaizu? Ona ala txarra? Horixe da garrantzitsuena». Ados gaude bilbotarrak esandakoarekin. Hala eta guztiz ere, idatziz musikaz jardutea ez da erraza izaten eta irakurleari nolabaiteko erreferentziak eman behar dizkiogu. Jazz, blues eta poparen uztarketatik abiatuz bilbotarrek estilo horiek guztiak era garden eta finean jorratzen dituztela nabarmenduko luke lerrook idazten dituenak.

Lekeitio eta Afrika

Disko berriaren tituluak Lekeitioko herriarekin du zerikusia. Taldeko hiru partaidek udako bizileku izan dute Bizkaiko kostaldeko herrixka. Beraz, bertan «murgildu» esateko hitza erabiltzea erabaki zuten. «Lekeition Dzanga hitza asko erabiltzen da. Eta gure musika eremua zabaldu egin dugunez Murgildu-Dzanga kontzeptua aproposa iruditu zitzaigun: uretara jauzi egin eta musika zabalean murgildu», azaldu digu Albizuk. Gerora irten den adiera bada ere, bilbotarrek beste azalpen bat ere badute tituluarentzat: «Dzanga Afrika erdian dagoen erreserba natural bat ere bada. Eta gure diskoa ere musika erreserba bat da. Bistakoa da zertan sinesten dugun eta zer egiten dugun».

Gaztelaniaz grabatzeko proposamena

Taldea Tio Peten zela, estudioko bazkide eta El Consorcio ahots taldeko partaide Carlos Zubiagak Madrilera bidaia egin eta gaztelaniaz disko berri bat egitea proposatu zien bilbotarrei. Haatik, Four Friendseko kideek ezezkoan eman zioten. «Diskoa grabatuta geneukala etorri zen Zubiaga estudiora, Madrileko beste lagun batekin. Kantuak nahasten ari ginen eta Izarren ahotsa entzun zutenean harrituta gelditu ziren. Disko berri bat grabatzea proposatu ziguten, beraiek ekoitziko zutela eta multinazionaletan mugitzen saiatuko zirela esanez. Baina gaztelaniaz grabatu beharko genukeela. Guk, ordea, ez genuen gure burua proiektu horretan ikusten», dio Eneka Albizu gitarra joleak. Izar bezalako musikari gazte batentzat proposamena bideragarria izan zitekeela uste dute taldekideek. Alabaina, gainontzeko partaideak, tartean adina eta beste hainbat arrazoi direla medio, ez zeuden horrelako jauzi bat emateko prest: «Nik uste dut horretan denak gaudela ados. Guri musika egitea gustatzen zaigu, guri gustatzen zaigun musika, nahi dugun moduan, diskoak nahi ditugunean kaleratuz eta bestelako mugarik gabe. Horrelako proiektu batean sartzeak zenbait muga eta inposaketa ekarriko lituzke eta guk ez dugu horren beharrik».

Aurrera begira, taldeak hirugarren disko baterako errepertorioa euskaraz landu nahi du ahal den neurrian. Banda bizkaitarrak hirurogeita hamar kantutik gora ditu kantu zerrendan. Hortaz, badu nondik hasi lanean.