Hemen zaude: Hasiera Artistak ESNE ZOPAK

ESNE ZOPAK

Esne-saltzailearena - Sustraietan arakatuz

Esnea eta ogia. Ez da gauza handirik behar esne-zopak egiteko eta mokadu bikaina da. Trikitiak eta panderoak ere, beren xumean, inguruan dituztenak dantzan jartzeko gaitasun izugarria daukate. Nahiz eta azken urteotan erromeriak beherako bidea hartu duen, infernuko hauspoak badu oraindik indarra. Eta bide horretan lerratu nahi izan dute Xabier Solano soinu jotzaileak eta Esne Beltza taldeko lagunek ESNE ZOPAK egitasmoa.

Esne Zopak trikiti tradizionalarekin osatutako diskoa da. Molde zaharrean jotako pieza berriak biltzen dira bertara. Trikitia (Xabier Solano) eta panderoa (Jon Mari Beasain) beren gordinean. Nahiz eta abesti batzuk DZ taldeko djak zipriztindu, esku soinua eta panderoa dira protagonista nagusiak.

Horrela, garai bateko trikitira gerturatzeko Solanok bere buruarekin zeukan  zorra kitatzea lortu du. Soinu aldetik trikiti tradizionalera hurbiltzeko ahalegina egin dute, garaiko hotsak erabiliz.

Baina trikiti tradizionalera gerturatzeko modurik onena soinu jotzaile zaharrengana jotzea zela pentsatu zuten, zer kontatua izango zutela gogoan, haien istorioak entzun eta biltzeko. Eta hortxe “Esne Zopak” proiektuan biltzen diren letren berezitasuna, gertatutako istorioetan oinarritzen baitira. Besteren artean Epelarrek, Landakandak, Lajak, Xaprek, Etxeberritxok, Felisak, Ospas-ek eta Praxkuk kontatutakoa entzun eta hiru bertsolariengana jo zuten Esne Beltza taldekoek, pasadizo horiei buruzko letrak josi zitzaten. Hartara, Iker Zubeldiak, Jon Maiak eta Jon Garmendia “Txuria”k idatzi dituzte abestien letrak.

 

Baina, entzutekoa ez ezik, ikustekoa ere bada DVDean. Bertan trikitilari horiek agertzen dira, beren istorioak kontatzen, eta jarraian pasadizo horietan oinarrituta osatutako abestia entzun daiteke. Kasu batzuetan musikari beteranoek ere pieza bana jotzen dute.

Horrela, zatika edo bere osotasunean, ikus eta entzun daiteke 2009ko urrian Astigarragako Larralde sagardotegian egindako kontzertua, musikariak jendartean jotzen eta jendea dantzan.

 

Film laburra ere badago ikusgai. Hain juxtu, Esne Beltza taldearen kantu batean  oinarritutakoa eta esne-saltzailearen istorioa kontatzen duena: “…etxez etxe aritzeko esne saltzaile bezala/ cuatrolatas zahar batean aita aurrean gidari/ ama atzean joaten zen esne marmiten zaindari / amak ez zion inoiz ekiten lanari/ muxutxo bat eman gabe bere seme bakoitzari” dio abestiak.

Ane Elordi eta Mikel Laskurain aktoreek hartu dute parte Tropofilms etxe ekoizleak landutako film horretan eta bertan sagardotegian izandako festaren irudiak ere jasotzen dira.

Ikuskaria bukatzeko Esne Beltzak udan Japonian barna egin zuen biraren irudiak ere bildu dira.

Entzuten eta ikusten ederki asko gozatzeko aukera aparta.

 

Entzun: Pasodoble.

 

 

Diskoak:


nabegazioa