Hemen zaude: Hasiera Artistak Esne Beltza Ibilbidea

Ibilbidea

Esne Beltza 2007an sortu zen, honako musikari hauekin: Xabier Solano (ahotsa eta soinu txikia; Etzakit, Lau Itzal, The Solanos, Fermin Muguruza), Jon Mari Beasain (gitarra; Etzakit, Mal de Ojo), Sergio Ordoñez Patxuko (ahotsa eta perkusioa; Joxe Ripiau, The Solanos), Iban Zugarramurdi (bateria; Baldin Bada, Su Ta Gar, Fjord), Aitor Zabaleta (baxua; Etzakit, Izotz), Zigor Lampre DZ (dj; Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza), Aritz Lonbide (tronpeta; Ttak, Fermin Muguruza, Javi Pez Orkestra), Jon Elizalde (tronboia; Ttak, Fermin Muguruza, Javi Pez Orkestra) eta Pello Gorrotxategi (teklatuak; Izotz). Urte berean eskaini zituen lehen kontzertuak, Euskal Herrian eta Katalunian, Joxe Ripiau, Etzakit, Fermin Muguruza edota Negu Gorriak-en bertsioak eginez.
Etxerat elkartearen kanpainarako kantua sortu zuen, Bozgoragailuetatik, CD-single batean argitaratu zena, eta Irun Lion Zion Dub. Vol 1 (Talka, 2007) disko bilduman parte hartu zuen beste hainbat talderekin, Xabi Peryk Hipokresia naiz kantuaren gainean egindako dub bertsio batekin. Made in Euskal Herria (Gaztelupeko Hotsak, 2008) da Esne Beltzaren lehen diskoa.

Saihestezina dirudi Esne Beltzaren abiapuntua Jamaikan kokatzea, eta Fermin Muguruzaren Euskal Herria Jamaika Clash diskoa (2006) grabatzeko Xabier Solanok (ahotsa eta soinu txikia), Jon Elizaldek (tronboia) eta Xabi Peryk (ekoizlea) Bob Marleyren Tuff Gong estudio mitikora egin zuten bidaiarekin lotzea. Kingston hiriburuan reggae musikari eta ekoizle esangurasuenetako batzuekin lan egiteko aukera izan zuten, BECen emandako kontzertu gogoangarria etorri zen gero, eta haren ondotik Afro-Basque Fire Brigade taldearekin munduari emandako bira. Elkarrekin eskainitako kontzertuetan, Japoniatik Bartzelonara, Mexikotik Irlandara, Bilbotik Habanara egindako bidaia luzeetan eta hoteletako logeletan izandako solasaldietan mamituz joan zen Esne Beltza, Xabier Solano buru duen eta Etzakit, The Solanos, Joxe Ripiau, Izotz, Selektah Kolektiboa eta Su Ta Gar taldeetan aritutako beste zortzi musikariz osaturiko banda.