Hemen zaude: Hasiera Artistak Desoreka Ibilbidea

Ibilbidea

Lezon 2000. urtean sortutako taldea da Desoreka. Garai artan, Iker Alzola eta Ibon Salaberria (gitarra), Asier “Suspe” (baxua) eta Iker “Martix”(bateria) elkartu ziren proiektu berri bat sortzeko. Beranduago Urko “Txitu” (ahotsa) elkartu zitzaien.

Aurretik beste esperientzia batzuetatik datoz eta influentziak oso zabalak dira. Musika mota konkretu batetik baino askotatik edaten duen taldea da Desoreka.
Mikel, el Gordo-ren eskutik 2002. urtean 5 abestiz osatutako lehen maketa grabatu zuten. Honekin Gaztemaniak lehiaketaren 6. diskoan parte hartu, Euskadi Gazteako maketa lehiaketaren finalera iritsi eta Ondarroako maketa lehiaketaren finalean jo zuten. Honekin batera 70 kontzertu inguru eskaini zituzten Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Horien artean aipatzekoak dira Jam aretoan Woodoo Glow Skulls talde kaliforniarrarekin emandakoa, Gazteszenan Iffy talde amerikarrarekin eskainitakoa edo Italiako zenbait gaztetxeetan emandakoak.

Pauso berri bat emateko garaia zela ohartuta abesti berriak sortzen hasi ziren. 2004-ko Azaroan euren lehen diskoa grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan. Taldeak osatutako 9 abesti, Haritz Harreguy teknikariak ekoiztu eta nahastuak. Iraupen luzeko lehen disko honetan metal eta rock gogorra, 70. hamarkadako erritmo funky-ekin uztartzen da. Abesti berdin batetan erritmo lasaiak zati bortitzekin nahasten dira etengabeko bira batetan. Aipatzekoak dira ere diskoan agertzen diren kolaborazioak; Aiora Renteria (Zea Mays) “emakume galdua” abestian Txiturekin abesten , Matxet (Jousilouli) “Hitza” abestian, Iban Nikolai (Didgeridooa) eta Gogi (perkusioa).