Hemen zaude: Hasiera Artistak Chema Saiz Ibilbidea

Ibilbidea

Chema Saiz gitarrajole konpositorea gazterik abiatu zen bidean, musika klasikoan eta espainiar musika herrikoian trebatuz. Nerabe zela iritsi zen jazzera Sean Levitt, John Abercrombie, Jerry Bergonzy eta Dave Liebmanen ildotik, besteak beste. Goi mailako tituluduna izanik gitarra klasikoan, pedagogia lanetan aritu da jazz eskoletan urte luzez. Munduaren erdia iragan du mintegi eta master class ugari ematen. Konpositore oparoa da, sei disko argitaratu ditu bere sinadurapean, eta Agua con gusto Uruguaiko Leo Maslíah idazle eta musikariarekin. Gitarrajole kezkatua da, beti bilaketan. Artista eta proiektu anitzetan aritu da elkarlanean, herrialde askotan jo du jazzaldi eta gitarra jaialdi nagusietan.

Solo Album volumen II , bere azken emaitza, hondorik ez duen gogamen batek egiten duen  bilaketaren kapituluetako bat da, birtuosismoz betea, arriskuari inoiz ihes egiten ez diona, eraikia desmuntatzen duena berriro eraikitzeko eta izan zenari zentzu berria emateko. Chema Saiz gitarrista bakana da, aurreiritzirik edo etiketarik gabekoa, konposizio bakoitzean hizkera bat asmatzen duen sortzailea ausarta, dardara eragilea sentitzen duen eta sentitu nahi duen edonorentzat. Egun, estatuko jazzaren ahotsik berezienetakoetan daukate askok.