Hemen zaude: Hasiera Artistak CAPSULA Hemeroteka Irla, natura eta senaren indarra

Irla, natura eta senaren indarra


Iturria: Argia
Eguna: 2016/05/15

Iker Barandiaran

Capsula talde bilbotar-argentinarra ezaguna da orriotan, eta oro har, Euskal Herriko eta kanpoko rock eszenan. Musikarako bizi dira (ez da hain justu musikari esker bizitzea), kategoriazko diskoak eta zuzenekoak egiten dituzte eta bi hamarkada luzetan ahal izan duten leku guztietan jo dute. Asko dira ibilbide horretan egindako lorpenak: horien artean, nabarmenenak Austingo (AEB) SXSW jaialdi entzutetsuan urtero parte hartzeko plaza lortu izana, Bowieren eskuineko beso den Tony Viscontirekin grabatu izana eta Ziggy Stardusten omenezko luxuzko emanaldia hainbat alditan gauzatu izana. Aurten, baina, albiste dira beste bi arrazoirengatik: bata, Pearl Jam taldeak Argentinako emanaldi bakarrerako kontzertua egiten gonbidatzea; eta hamaikagarren diskoa, Santa Rosa, argitaratu izana.

Iaz argitaratuko Dead or alive zuzenekoaren ostean, kantu berriekin datoz Martin, Coni eta Guantxe; azken hau donostiarra eta Teen Dogs, Señor No, Lobo Electrico eta Inoren Ero Ni taldeetan ibilitako bateria jotzaile puntakoa.

Honako diskoak badu betiko Capsulatik (rock bizia, garagea, psikodelia…); ekoizle mitikoei atseden eman eta Bilbon taldeak duen Silver Recordings estudioan kantuak grabatu eta nahastu dituzte, Martin L. Guevara taldekideak ekoizle lanak eginez, eta emaitza Eduardo Bergallok masterizatu du Puro Masteringen, Argentinan.

Funtsean 70eko hamarkadako ukitu txikiagoa du: Dirty ratek Hendrix eta Beasts Of Bourbon soul-arekin mozkortu ditu, oso itsaskorra da. Candle candle zamalkada post-rockeroaren eraginez misteriotsuagoa bilakatzen da. No contestas piezak garage-punk taldeen soinua du eta surf ilun eta gizatxarrenean murgiltzen da Dead Kennedys edo Niños con Bombasen mehatxupean. Tierra girando ere Jello Biafraren eraginpean dago, baina elektro oso ilun, intentsu eta inguratzailera mudatzen doa. Hikikomori rock gogorra da, petacoko glama, ia pub-rockeroa. Santa Rosaren ukitu hippieak iruzur egiten digu, kantuak urakanaren begira eramaten gaituelako. Dali’s face Cramps, B52’s eta Dead Kennedys purua da, iluna, lehergarria eta dantzagarria. Moving mutant pop, psikodelia eta rock klasikoa da. Past lives kantuak Dylan distiratsuenarengandik edaten du Flying Nunen lainoek harrapatu artean. Burning heartsek taupada latinoa du eta garage autentikoenaren arrasto eta irakinaldia. Everything you want new wave da, eta baita estadio-rocka ere, hit! bat. They are new models garage-punk-rock potentea da eta, gainera, itsaskorra. You’re part of the sun bukaera gabeko kiribila. Eta CDan bonus track gisa, Delirium Tremensen Ikusi eta ikasi hirukoteak lehen aldiz euskarari helduz.