Hemen zaude: Hasiera Artistak Blues & Decker Ibilbidea

Ibilbidea

 

 

Gustavo Pérez (ahotsa eta gitarra erritmikoa), Ludwig Molina (bateria), Kike Cuetos (baxua) eta Guzmán Lanza (gitarra bakarlaria) 2009. urtean elkartu ziren, blues klasikotik eta haren aldaeretatik abiaturik entseatzen hasteko. Denbora igaro ahala estilo gogorrago batera jo zuten, blues-rock izenda genezakeena, zeinean taldekide guztiak eroso sentitzen diren. 2010eko maiatzean bere lehen maketa grabatu zuen taldeak, eta Asturiasko tabernetan (Blues & Deckerren musikaz gozatzeko lekurik egokiena) eta jaialdietan (Semana Negra, That’s All Folks Festival, 1º Festival de Blues Gijón Ruta A66 …) maiztasunez jotzen hasi zen, noizean behin Galiziara eta Leonera ere atereaz.

Bi urte taldea zuzenean trebatzeko eta kantuak sortzeko gogor lanean eman ondoren, 2012ko udaberrian Oviedoko Magoo estudioetan sartu zen taldea, Juan Martinez soinu teknikoaren laguntzaz lehen diskoa osatzen duten bederatzi kantuak grabatzera. Horietako bakoitzaren atzean bluesa badago ere, Blues&Deckerrek ñabardura txikiekin, akorde ezberdinekin, xaramela melodikoekin edota bihurritze estilistikoekin aberasten ditu, eta hortik sortzen ditu 70eko hamarraldiko rock psikodelikora (Till dawn) edota funk-metalera (Tomorrow) eramaten duten kantu indartsu eta sendoak; leun jotzen ere badaki laukoteak, hala blues-rock balada intimista eta eutsietan (Blues is dead) nola sofistikazio eta dotorezia handiagoko erakustaldietan (Stealin’ the soul).

Bluesari gehien estutzen zaizkion kantuetan ere zalantza gutxi pizten du Blues & Deckerrek, berdin du klasikotasunetik jotzen duen (No Worries) edo swing tantaz bustiriko blues elektriko eta zirraragarriari heltzen dion (Posology); eta mailari ondo baino hobeto eusten dio diskoak jasotzen dituen bi bertsioetan: Jimmy Reeden Shame, shame, shame (The Blind Lemons taldeko aho-soinu jotzaile David Garciaren ekarpen aberasgarriarekin), eta Son Housek a capella abestu ohi zuen John The Revelator bikainak.