Country musika Espoloian
Bill Lyerly musikari estatubatuarrak joko du gaur Bergarako 'Ostiral musikalak' ekitaldiaren barruan, 22:30ean
| Iturria: | Berria |
| Eguna: | 2009/07/17 |
Arantxa Mikeo. Donostia BERRIA
Ostiral musikalak ekitaldiak artista ugari ekarri ditu Espoloira, Bergarara. Eta gaur Bill Lyerly musikari estatubatuarra ariko da, 22:30ean. Ipar Ameriketako musikak hartu duen norabidearekin gustura ez, eta orain Euskal Herrian bizi da Lyerly.
Iruñean bizi da, hain zuzen, eta aurten Too Hurt to Cry diskoa atera du, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Bere abesti onenak biltzen dituen album bat da, eta gaurko kontzertuan horietako asko joko ditu bere taldearekin batera.
Gitarrista, abeslaria eta konpositorea da Lyerly, eta teklatua jotzen ere abila da. Ipar Karolinan jaio zen, eta 11 urterekin blues taldeetan jotzen hasi zen. Super Grit Cowboy Band taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta askorentzat country alternatiboaren asmatzailea da.
Bluesa, countrya eta rock-and-rolla nahasten ditu bere abestietan. Ospe handiko musikaria da, batez ere Estatu Batuetan. 2000. urtean Cammy sarietan artistarik onenaren saria irabazi zuen. Eskarmentu handiko musikaria da, 30 urte daramatza musikaren munduan.
Gaur bere taldearekin izango da Bergaran, Bill Lyerly Band, eta azken diskoan bildu dituen lan onenak entzun ahalko dira.
MUSIKA
Bill Lyerly Band. 'Ostiral musikalak' ekitaldiaren barruan.
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Bergarako Espoloian.

