Hemen zaude: Hasiera Artistak Bide Ertzean Hemeroteka Soka zortzikote eta guzti egin du Bide Ertzeanek disko berria

Soka zortzikote eta guzti egin du Bide Ertzeanek disko berria

«Gure buruhaustea, batik bat, izan da nola erantsi osagarri batzuk, baina hasierako xarma hori galdu gabe»


Iturria: Diario Vasco
Eguna: 2010/09/29

 

 
 
Bide Ertzean taldeak bere zortzigarren diskoa plazaratu du: 'Don Inorrez'. Oso disko akustikoa da eta, berrikuntzen artean, zortzi laguneko hari orkestra baten partaidetza agertzen da, Euskadiko Orkestrako lagunez osatutako zortzikotea, alegia.
Disko honen abiapuntua Jose Luis Otamendi azpeitiar olerkarien komentario bat izan zen. «Berak esan zigun Urola aldean umeei beldurra sartzen zaiela Don Inorrez izeneko pertsonaia baten bidez. Gaizki portatzen badira, edo lotara joan nahi ez badute, Don Inorrez etortzen omen da. Izen horrek, daukan kontraste horrek harri eta zur utzi ninduen», esan zuen atzoko aurkezpenean Imanol Ubedak.
Aspaldiko harremana da Otamendirekiko hori, 1998az gerokoa. Hasierako kantuak 'Don Inorrez' du izenburu eta Otamendiren poema bat da. Itsasotik irten eta sasiarte batean iratzarri den basurde bat mintzatzen da hor. Poema hori sekula argitara eman gabea zen, eta diskoaren azalean ere izurde bat ageri da.
Handik aurrera, beste sei abesti daude Imanol Ubedak idatzitakoak, oinarritzat hartuta Don Inorrezen ideia hori eta, oro har, giza harremanez ari direlarik. «Desioak, mamuak, oroitzapenak» agertzen dira horietan, Imanolek esan zuenez. Badira batzuk amodio kantutzat ere har daitezkeenak.
 
Otamendi eta beste
Eta badaude Jose Luis Otamendiren beste oleri batzuk ere, bata 1987ko 'Zainetan murrailak' liburutik hartua, bestea 1990eko 'Poza eta gero' liburukoa. Baita ere, Juanra Madariagaren olerki bat eta Mikel Ibargurenen pare bat.
Ohiko boskotea jardun da: Imanol Ubeda kantariaz gain, Joni Ubeda, Karlos Aranzegi, Joserra Senperena eta Fran Iturbe. Jakina denez, taldea hasi zenean, 1998an, hirukotea izan zen, lehenengo hiru horiek osatua.
Boskote moduan ondu dituzte abesti berriak. Joserra Senperenak pianoa, hammond organoa eta sintetizadorea baliatu ditu. Fran Iturbek gitarrak jo ditu, elektrikoa nahiz akustikoa. Eta hauekin batera, hasierako hirukotea: Karlos Aranzegi bateri jotzen, Joni Ubeda gitarra apalarekin, eta kantuan zein gitarra jotzen, Imanol Ubeda. Gainera, Imanolek harmonika jotzen du, eta hori ere gauza berria da.
Disko honen sortze prozesua aski luzea izan da, lau urtekoa, tartean zuzeneko abesti bildumaren grabazioa (DVD eta guzti) egin zutelako Tolosako Leidor aretoan.
Kaki Arkarazo izan dute grabaketaren arduradun. «Ez da ohiko grabaketa izan, ez da izan estudioan sartu eta handik bi edo hiru astera atera, diskoa besapean duzularik. Saio asko egin behar izan ditugu Kakirekin, eta gure buruhaustea, batik bat, izan da kantuen xarma mantentzea, osagarri batzuk erantsi baina hasierako xarma hori galdu gabe».
Abenduan izango dira lehenbiziko aurkezpen kontzertuak. Hilaren 7an, Durangoko Plateruenan, Liburu eta Disko Azoka garaian, beraz. Eta handik laster, hilaren 17an, Donostiako Victoria Eugenia an-tzokian. «Apustu handia da Donostiako hori. Victoria Eugenia jendez bete nahi dugu», esan zuen Imanol Ubedak. Dagoeneko sarrerak salgai daude ohiko modura.
Bestalde, taldearen web gunean sartzen diren zaleek oso bideo ikusgarri eta entzungarri bat topatuko dute: Joserra Senperena ageri da Euskadiko Orkestrako biolin jo-tzaile batzuen zuzendari moduan, haiek 'San Josera bidean' jotzen ari direlarik. Bideoko lau biolin jotzaile horiez gain, beste bina biola jo-tzaile eta txelo jole aritu ziren.
Gaztelupeko Hotsak disketxeko Ubane Uzinek hau esan zuen: «Ia batera sortu ziren gure disketxea eta Bide Ertzean, 1998an. Presarik gabe, gauzak ondo egiten dituen taldea da hau».
 
(Artgazkian hasierakoak. Imanol Ubeda, Karlos Aranzegi eta Joni Ubeda. :: USOZ )