'Don Inorrez', Bide Ertzean taldearen mamu eta sentipenak
Zortzigarren diskoa kaleratu du tolosako boskoteak Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin Pop taldea bere "ohiko esparrura" itzuli bada ere, bada berritasunik bilduman: soka zortzikote baten soinua, kasu
| Iturria: | Noticias de Gipuzkoa |
| Eguna: | 2010/09/29 |
(Ezkerretik eskuinera, Imanol eta Joni Ubeda anaiak, Karlos Aranzegi tartean dutela. (Ruben Plaza)
J. Imaz -
Donostia. "Don Inorrez etorriko da hau edo hura egiten ez baduzu". Modu horretan kargu hartzen omen diete haurrei Azpeitia inguruetan, gaztelaniaz Hombre del saco edo Coco esaten den moduan. Irudi hori erabili du Bide Ertzean talde tolosarrak bere zortzigarren bilduman, ez izenburu gisa soilik, baita diskoan jasotzen diren hamahiru kanten "hari" bezala ere.
"Indartsua iruditu zitzaigun izen hori. Zein ote da? Berak ere beldurrik pasako al du noizbait? Porrotak, mamuak, gure sentipenak bidera-tzeko aitzakia polita iruditu zitzaigun Don Inorrez", azaldu zuen Imanol Ubedak (ahotsa, gitarra), atzo Donostiako Fnacen egindako aurkezpenean. Zortzigarren disko honetan, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik, Bide Ertzean "ohiko esparrura" itzuli da, hau da, euskarazko pop kutsuko kanta intimo eta biluzietara.
Joni Ubedak (baxua) jakinarazi zuenez, duela lau urte, Non dira (2006) argitaratu ondoren, ekin zieten abesti berriei. Baina Leidor Sessions (2009) zuzenekoa grabatzeko aukera sortu zitzaien eta horretan buru-belarri jarri ziren. Azken lan hori amaituta disko berrian pentsa-tzeko garaia iritsi zen arte.
Andoaingo Garate estudioetan grabatu dituzte hamahiru kantuak, "sesio ezberdinetan", Kaki Arkarazoren gidaritzapean. "Kantu bereziak dira, xumeak baina indar-tsuak", nabarmendu zuen Karlos Aranzegik (bateria). Bere esanetan, Imanol Ubedaren kantaerak "garrantzia handia du", bere ahotsa "hazten, barrukoagoa egiten" ari baita. Bateria joleak azpimarratu zuenez, Don Inorrez diskoa "nahiko akustikoa" da, gitarrek eta ahotsak baitute garrantzia.
Aipatutako hirukoteaz gain, Fran Iturbe gitarristak eta Joserra Senperena pianista eta teklatu jotzaileak osatzen dute Bide Ertzean. Horiez gain, baina, soka zortzikote baten laguntza izan dute bildumako hiru abestitan. "Kuriosoa eta aberasgarria izan zen beraiekin lan egitea. Estudioak ONU zirudien", aipatu zuen Aranzegik. Zergatik? Euskadiko Orkestrako zortzi musikagileren doinua grabatu zutelako, Senperenak egindako konponketak tarteko. Berritasuna da, baita ere, Imanol Ubedaren harmonika entzuteko aukera.
Soka zortzikotea Boskoteak letrak zaindu eta lehenesten jarraitzen du. Imanol Ubedaren hitzez gain, Mikel Ibarguren, Jose Luis Otamendi eta Juanra Madariagaren poemak musikatu dituzte Don Inorrez proiektua osatzeko.
Bide Ertzean taldearen azken lana zuzenean ezagutu nahi dutenek, abenduaren 7an izango dute aukera, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Hil horren 16an, berriz, Donostiako Victoria Eugenia antzokian joko dute. Bi konpromiso horietan boskotea igoko da taula gainera. Taldekideek jakinarazi zutenez, Gipuzkoako hiriburuan emango duten kontzerturako sarrerak salgai daude.

