Bide Ertzeanek bere hamar urteak laburbildu ditu ‘Leidor Sessions’-en
Leidorreko kontzertuan 22 kantu eskaini zituzten, eta horietatik 16 apartatu dituzte diskorako, tartean ezagunenak, hala nola Hiri emanen dizkinat, Hotel Bel Air, Atsegin ditut, Zuk eman eta Zein da bidea.
| Iturria: | Diario Vasco |
| Eguna: | 2009/10/30 |
Kalean dira Bide Ertzean pop taldearen zuzeneko CDa eta DVDa, Leidor Sessions, urtarrilaren 16an Tolosako Leidor antzokian grabatutakoak. Bere hamar urteko ibilbidea modu dotorean ospatu nahi izan du Tolosaldeko taldeak, eta bidebatez erakutsi gogotsu dagoela aurrera jarraitzeko. Disko barruan bada kantu berri bat ere, Graffiti deritzana.
“Disko benetan berezia da. Lehen aldia da zuzenean grabatzen duguna. Eta nahi genuen bi lengoaia uztartu, guretzat oso uztargarriak direnak, musitaren lengoaia eta zinearena, eta horretarako Modus Operandi produkzio etxea aukeratu genuen, film laburretan eskarmentua daukana”, esan du Imanol Ubeda taldekideak gaurko aurkezpenean. Modus Operandi-ren izenean, Miren Aperribaik adierazi du “estetika intimista” landu nahi izan dutela irudiak filmatzerakoan.
Leidorreko kontzertuan 22 kantu eskaini zituzten, eta horietatik 16 apartatu dituzte diskorako, tartean ezagunenak, hala nola Hiri emanen dizkinat, Hotel Bel Air, Atsegin ditut, Zuk eman eta Zein da bidea. Errepaso zabala eman zioten beren sei diskoei, kantu asko gaurko gustuetara egokituta. “Jotzen hasi aurretik tentsio handia izan genuen, gero, bigarren kantutik aurrera lasaiago jardun ginen, eta poza, benetako poza, kontzertua amaitutakoan etorri zen”, esan du Karlos Aranzegi taldekideak. Diskoan ez omen dago aurregrabaziorik, ezta recording-ik ere. Taldearen aurreko disko guztietan bezalaxe, Kaki Arkarazo arduratu da grabaketa-lanez. Eta Gaztelupeko Hotsak etxearen bidez atera da emaitza.
Hirukote moduan hasi zen Bide Ertzean, 1998an, eta badira urte batzuk boskote izatera pasa zela. Hauek dira taldekideak: Imanol Ubeda, Joni Ubeda, Karlos Aranzegi, Fran Iturbe eta Joserra Senperena.
Tolosako Leidorren bertan, urriaren 23an, DVDa proiektatuko da, sarrera dohainik izango delarik. Eta gero kantaldiak etorriko dira: azaroaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian; 6an, Andoaingo Basteron; eta 7an, Bergarako kultur etxean.

