Mundurako Ateak ireki ditu Arima Beltza taldeak hirugarren lanean
Blues-rocka ez da euskaraz gehiegi lantzen den estiloa, ingelesa nahiago izan ohi dute-eta taldeek. Arima Beltza da bi ezaugarri horiek lantzen dituen talde bakarra, eta hau dute hirugarren lan luzea:Mundurako Ateak. Jon Gurrutxaga taldeko abeslari eta bateria-jotzailearen aburuz, aurrerapauso handia eman dute soinuari eta konposaketei dagokienean.
BILBO
Disko bat aurkezteko modurik onena kantuak zuzenean jotzea da, eta hitzik esan baino lehenago horrela aurkitu ditugu Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta, Arima Beltza taldeko partaide berria: ahots, gitarra eta armonika hutsez “Gaueko Txanda” kantua eskaini digute. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren arduradun Xarra Azkaratek esandakoaren arabera, autoan entzuteko disko aproposa da “Mundurako Ateak”, eta halaxe egin duela adierazi du, Bilborako bidean. Sorrera Elgoibarren izan zuen taldeak, eta urteak ez dira debalde pasatu Azkarateren hitzetan, urteotan taldea sendotu baino ez dela egin adierazi baitzuen. Aurtengo maiatzean Lander Trinidad gitarristak taldea utzi zuen, eta Patxi Zabaleta sartu zen sei soketan. Horrek ez zuen gehiegizko aldaketarik ekarri, aspaldiko erlazioa baitzuten: «Zuzenekoetan dator gehienbat aldaketa. Lander hotzagoa zen taularen gainean, eta Patxik gehiago transmiti dezake, baina hori pertsonalitatearen araberakoa da, ez da ez hobea ez txarragoa izatea», adierazi zuen Jon Gurrutxagak, taldeko abeslari eta bateria-jotzaileak. Halere, zuzenekoari ikusgarritasun gehiago emateko, Gurrutxaga mikrofonoan arituko da soilik, bateria lanak Elur Arrietari utziz. Taldea utzi duen arren, Trinidadek grabazio prozesuan parte hartu du, “Bizitzaren trapezista” kantuan gitarra sartuz.
Azkarateren aburuz, Euskal Herrian ez dago Arima Beltza bezalako talderik: blues-rocka euskaraz lantzen duena. Ekoizpen eta grabazio lanak Natxo Libertyk hartu ditu bere gain, Mungian duen Lamiña estudioetan. Oso pozik omen daude emaitzarekin, nahiz eta hartutako arriskua handia izan. Gitarra-riffak aurreko lanetan baino teknikoki sinpleagoak direla adierazi zuen taldeko abeslariak. Gainera, askoz ere landuagoak dira eta musika mota horretarako askoz egokiagoak direla nabarmendu zuen Zabaletak. Zuzenean aurkeztuko dute, azaroaren 11n, Donostiako Lugaritz tabernan eta 26an Lasarte-Oriako ko Jalgin.

