Hemen zaude: Hasiera Artistak Ansorena & Senperena Hemeroteka Historia gaurkotua

Historia gaurkotua

Jose Ignazio Ansorenak eta Joserra Senperenak danbolinez jotzeko idatzitako pieza batzuk berreskuratu dituzte disko batean


Iturria: Berria
Eguna: 2021/11/26
Mikel Lizarralde

 

Historiarekiko lotura eta garaikidetasuna, tradizioa eta modernitatea biltzen ditu Euskal danbolinaren aroak, Jose Ignazio Ansorenak eta Joserra Senperenak lau eskutara ondu duten bigarren diskoak. Chillida-Lekutik (2006) argitaratu eta hamabost urtera, txistularia eta pianista berriro elkartu dira, baina, oraingoan, orduan ez bezala, sorkuntza garaikidean ez baizik danbolinaren historian jarri dute begia, musikala ez ezik etnografikoa ere baden lan bat osatzeko.

«Danbolina deitu izan zaio mendeetan esku bakarrez jotzen den txilibituak eta beste eskuaz astintzen den danbortxoak osatzen duten tresna bikoteari». Diskoaren liburuxkan jasota daude Ansorenaren hitzak, eta aurkezpenean sakondu du musika bikotearen garapenean: «XII-XIII. mende inguruan sortu zen tresna bikotea, ez dakigun lekuren batean, eta berehala zabaldu zen Europara. Musikariak musika eta erritmoa behar zituelako».

XVIII. mendean, danbolinak krisialdia izan zuen inguru askotan, baina Euskal Herrian, aldiz, ilustrazioaren eragina positiboa izan zen harentzat, Ansorenak azaldu duenez. «Musikari profesionalak egokitzen hasi ziren, eta hor sortu zen euskal danbolina, hau da, txistu izenarekin ezagutzen duguna». Hurrengo mendean, ordea, «pattaldu» egin zen danbolinaren presentzia, beste musika tresna batzuk festetan eta ekitaldietan sartzearekin batera, harik eta, XIX. mendearen amaiera aldera, abertzaletasunak ikur gisa berreskuratu zuen arte. Prozesu historiko hori jaso dute, orain, Euskal danbolinaren aroak diskoan. Atzera begiratuta, baina gaur egungo ikuspegi batetik.

Hamabi pieza bildu dituzte diskoan, eta atalka sailkatu, garaiaren eta jatorriaren arabera. Lehenengo bi piezak Soinu zaharrakEhun dukatekoa, Ehun ta bikoa, Amorea Margaritatxo eta Punta motz biltzen dituena— eta Korpus goizeko deia dira, eta Iztuetak 1827an jaso zituen argitalpen batean. «Melodia hauek hirurehun bat urte atzera garamatzate, barrokoaren garaira gutxienez», azaldu dute diskoaren liburuxkan.

Ilustrazioaren eragina nabari da diskoko hurrengo atalean. Humbold suite izendatu dute zortziko batek, kontrapas batek, zortziko txiki batek eta dantza batek osatutako pieza hori. Anboto azpiko doinuak-ek, berriz, Carlos Bergaretxe Durangoko danbolin jolea izan zenaren koaderno batetik Azkuek jasotako zortziko txiki bat eta Jose Uruñuelak aurkitutako Museta biltzen ditu. Hirugarren atal batek —Balmaseda suitea-k, Groseko baltsak-ek eta Txutxupeko jota / Habanako kontradantzak-ek osatutakoa—, XIX. mendearen erdialdean danbolinak izan zuen eraldaketaren berri ematen du. Hala, habanerak, polkak, mazurkak eta beste doinu batzuk ere azaltzen hasi ziren danbolinaren errepertorioan. Fernando Ansorenaren bilduma baliatu dute doinuak berreskuratzeko.

XIX. mendearen amaierari eta hurrengoaren hasierari begiratu diote laugarren atalean, eta lau pieza jaso: Artzain doinua, Eusebio Basurkok idatzitakoa; Antzineko abestiak eta Amaiur herri doinuak; eta Ansorenak berak idatzitako Adiskide lasaiaren sonatatxoa. Bukatzeko, XVIII. mendeko doinu oso ezagun baten (Hiru damatxo) bertsio bihurria sartu dute diskoan: Hiru damatxo jostalari.

Pianoaren presentzia

Ansorenak eta Senperenak aspalditik ezagutzen dute elkar, ETBn lan egin baitzuten elkarrekin, Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioetan. Senperena: «Lagunak gara, eta musikalki ondo moldatzen gara». Orain urtebete proposatu zion txistulariak lan hau egitea pianistari, eta berehala eman zion baiezkoa. «Pieza batzuk aukeratu eta moldatu genituen. Entseatu ahala, beste buelta bat eman diegu, eta errepertorioa gure erara moldatu dugu». Gainera, bazuten Chillida-Lekutik diskoaren esperientzia ere, nahiz eta bi lanen artean badiren ezberdintasunak. Lan hartan, konposizio berriak ziren; oraingoan, aldiz, iraganera jo dute. «Horregatik, harmonikoki, klasikoagoa izan daiteke hau. Aurrekoan baziren blues ukitu batzuk, hemen ez daudenak».

Diskoa Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza jauregian grabatu zuten, apirilaren 8an. Harrizko hormak eta egurrezko balkoia ditu etxeak, eta «akustika egokia», Senperenaren iritziz. Egun batean diskoa grabatu, eta hurrengoan kontzertua eman zuten. Hain zuzen ere, urtarriletik aurrera zuzenean aurkezteko asmoa azaldu dute.