‘Euskal Danbolinaren Aroak’ diskoa aurkeztu dute Joserra Senperenak eta Jose Ignazio Ansorenak
‘Euskal Danbolinaren Aroak’ lana aurkeztu dute Joserra Senperenak eta Jose Ignazio Ansorenak. Beasaingo Igartza jauregian egindako emanaldia jasotzen du, saio pedagogikoa, aldarrikapen historikoa eta soinu esperimentazio garaikidea uztartuz.
Iturria: | Naiz |
Eguna: | 2021/10/29 |
Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldi berean soinu
esperimentazio garaikidea, Joserra Senperena eta Jose Ignazio
Ansorenaren ‘Euskal Danbolinaren Aroak’ Beasaingo Igartza jauregian
2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko emanaldia jasotzen
du. 2006an ‘Chillida-Lekutik’ argitaratu ondoren eta hari berari tiraka
eginez hilabetetako lan sakona borobilduz sortu da lan berria.
Joserra
Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, horietako batzuk
Jose Ignazio Ansorena eta Rafael Berrio musikariekin partekatuta, baita
beste diziplinatako artistekin ere: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta,
Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazar. Oraingoan, zinema
musika konposatzeari eskaintzen dio denbora, nagusiki. Josu Martinez,
Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo Almandozen filmen
soinu-bandak konposatu ditu. Udazken honetan egindako azkena
estreinatuko da, Ritxi Lizartzak zuzendutako ‘Apaiz kartzela’.
Jose
Ignazio ‘Piter’ Ansorenak, ordea, herri musikari dedikatu dio nagusiki
bere jarduna. Bere ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika
alorretik kanpo da agian ezagunagoa bere pailazo eta showman fazetetan.
Edozein erara, bere ibilbide musikala luzea da ere 1979an Donostian
ospatutako I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren garaile bilakatu
zenetik gaur arte. Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da hainbat
urtez eta katedra baten jabe da. Txistuaren afinaketa tekniken
ikerkuntza eta pedagogia inor baino sakonago landu ditu,
erreferentziazko gida liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen
ikertzaile nekaezina izan da urte hauetan guztietan. Bakarlari gisa
edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin hainbat disko
plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo Alvaro Cendoya piano
jotzaileekin ere.
(Argazkia: Juan G. Andrés)