Hemen zaude: Hasiera Artistak Ander Garcia Ibilbidea

Ibilbidea

Tradizioaren eta abangoardiaren arteko zubiak bilatzea eta eraikitzea, musikari askoren lanaren ardatzetako bat izan da, eta jarraitzen du izaten gaur egun ere. Entzuleak iraganaren aztarnak antzematea eta aldi berean musika berritzaile eta gaur-gaurkoaren taupadak sentitzea, horra hor sortzaileak musika egiterakoan bere buruari maiz jartzen dion erronka gaitza. Tamainako lorpena ez dago edonoren eskura, ordea. Ez da Ander Garciaren kasua. Talde bateko buru gisa gauzatu duen lehen diskoan, tradizioa eta abangoardia maisuki elkartzea lortu du kontrabaxu jotzaile bizkaitarrak.

 

Tradizioaren esparrua gertu-gertutik ezagutzen du Garciak, haurtzaroan Ibarrankelu taldeko dantzaria izan baitzen, eta joan den hamarkadan Korrontzi folk musika taldeko partaide, zeinarekin Korrontzi (Nube Negra, 2006) diskoa grabatu zuen. Baina aldi berean, ibilbide emankorra egin du jazzaren eta bestelako musiken eremuan. Musikenen lizentziatura lortu ondoren, 2008an, Madrilera joan zen etorkizun profesionalaren bila, eta musikari zein irakasle gisa lanean hasi zen. Horrek aukera eman dio, besteak beste, Sheila Cuffy abeslariarekin, Jeff Berlin baxu elektrikoaren jotzailearekin, Bob Sands eta Roman Filiú saxofoi jotzaileekin eta Walter Beltrami gitarristarekin lan egiteko, nazioarteko hainbat jazz jaialditan jotzeko eta, musikari gisa trebatzeko grinak eramanda, estilo aniztasun handia jorratzeko hainbat taldetan: flamenkoa, jazza eta Hego Amerikako musika (Amerikanda), R&B eta hip hop-a (Soul Commanders), rock-a (Jose Bruno Trio), pop-a (Le Suite) eta musika elektronikoa (Towards Green). Ahantzi gabe Citric, Musikeneko ikaskideekin sortutako taldea, zeinak Donostiako Heineken Jazzaldiaren ateak ireki zizkion.