Hemen zaude: Hasiera Artistak 12 Tribu Ibilbidea

Ibilbidea

Ageriko sekretua da barbarinek ezikusia egiten badute ere, baserri askotako negutegietan jada ez daude tomateak eta letxuak soilik, haien artean harro altxatzen dira kalamu psikoaktibo eder horiek; kontzertuetan, eta are gehiago reggae kontzertuak badira, marihuanaren usainak lekua hartzen dio Marokoko kalitate eskaseko txokolateari. Egi bihurtutako amets tropikalen giro honetan iristen zaigu 12 Triburen musika.

12 Tribu Azpeiti aldean sortu zen orain dela urte pare bat, ez da ohiko talde bat, izan ere, abeslari australiar bat du, Mark izenekoa, eta duten errepertorioa benetan interesgarria da, beren konposizioak dira, ingelesez, erritmo-patroi jakin batzuen arabera landuak eta iraganeko eta oraingo reggae-an erabat sustraituriko moldaketa ageri dute. Garbi dago 12 Tribu ez dela Euskal Herrian sortu den musika jamaikarreko lehen taldea, soinu sinkopatu horiek beren publiko sektorea baitute, publiko txikia baina leiala, baina talde hau proposamen interesgarria da, estiloa ondo ezagutzen dutelako eta beren reggae-arekin giro hipnotikoa sortu nahi dutelako.