XVI Blues Gaua

21 otsaila, 2018

Aurreko ediziotan izandako arrakastaren bidetik aurten otsaileko azken  larunbatean, otsailak 24, Gipuzkoako ZIZURKIL herrian, bertako ostalari batzuen lankidetzarekin XVI. BLUES GAUA egingo da.  Udalak –egitasmoei jarraipena emateko zailtasunak diren garaietan eutsiz- aurrera egin du jada klasikoa bihurtu den hitzorduarekin. Horrela, berriz ere,   jardunaldi blueseroa izango da.  Blues musikaren jaialdi honetan herriko bitabernetan  blues musika moldeen hotsak  entzuteko parada izango da jatorri desberdinetatik sortutako taldeekin. Bakoitzak bere onena eskainiz. Azken kontzertuaren ondoren eta gorputzak iraun arte blues, soul eta rockanroll musika jarriko duen DJ saioaizango da. Sarrera doan.


23:00  Pasus taberna : IKER PIRIS BLUES TRIO 

Oinak eta arima Bluesa bezalako estilo zaharrean sustraituta dituzten musikariak ditugu  hizpide. Estilotik aldendu gabe berezko ahotsa duen emaitzaren erakusgarri da Good Vibrations, The Romanticos. taldearen hirugarren diskoa. Aldi berean, egilearen heldutasuna eta sasoi betea erakusten dituzten abestiak dira; berretsi egiten dute liderraren etengabeko bilakaera gitarra jotzaile, abeslari eta musikagile gisa. Iker Pirisek, sukaldari trebe baten erara, bere ongailu sekretuekin ondu ditu guztiz emaitza pertsonala eskaintzeko.

Ibilbide berri eta kitzikagarria bluesean eta haren formetan barna.

00:30 Egarri taberna: SHIRLEY DAVIS    & THE SILVERBACKS

Shirley Davis & The Silverback-en lehen disko luze “Black Rose” lanean Soul urardotu gabea eta afrobeat ukitu bat proposatzen dira. Elkarlan hori bila gabe sukaldatzen hasi zen Tucxone Records zigiluko jendea bilduta zegoen Sharon Jonesen emanaldi batean Shirley Davis aurreikusi gabe abesten hasi zenean. Tucxonekoak han eta hemen hasi ziren arakatzen, Australian bizi zela jakin zuten, ibilbide oparoa izanagatik ere ez zuela merezi zuen ezagutza izan… eta Davisek onartuko zuen proposamen bat egin zioten.

Gurasoak jamaikarrak izanik, Shirley Davis ingelesak bide oparoa egin du orain arte, eta bide horretan besteak beste Wilson Picket bezalako artista handiak topatzen ditugu; izan ere, Shirley Davisek eta bere talde Gran Wazook aipatu artistaren euskarri taldearena egin zuten bira oso batean, AEBetako artistaren koruarena eginez.

Harreman estua izan zuen “Marva Withney” handiarekin, eta haren eskutik elkarlanean jardun zuen “Osaka Monourail” japoniar talde ikusgarriarekin, “No trouble on the Montain” izenburuko singlea plazaratu zuen, Richard “Groove” Holmesen bertsioa bera. Shirley Davisek kolaborazio lan asko egin ditu beste hainbeste diskografia zigilurentzat, horien artean aipagarrienak “Freestyle” zigiluarentzat ondutako “Greebacks” gaia,  “Deep Street Soul” izenburuko albumean jasotako Deep Funk generoa argi eta garbi aldarrikatzen duena, eta “Deepface” lanean eskainitako kolaborazioa; azken horretan, artistak une batez bazter utzi zituen funkaren eta soularen hots erdiragarriak masen idolo bihurtzeko bere “I Wanna Live” gaiarekin, izan ere, lehenengo postua lortu zuen gai horrekin Australiako zerrendetan. “Sharon Jones” artista handiak babestuta, Europako soularen izan berria izango da Shirley haren arabera. Eta halaxe dio Shirleyk berak: “Oso pozik nago hemen, Europan, eta ahaleginak egingo ditut musika mota hau bazterreko mundutik behin betikoz irten dadin eta herri musika gisa merezi duen lekua berreskuratu dezan”.

Talde guztiz sendoa lagun, benetan gozatuko dute musika beltza maite dutenek.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com