Txinan soinuak arakatzen

12 maiatza, 2014

Beñat Fuentes mungiarrak Xujun kantari eta musikari txinatarrarekin osaturiko The Tree taldearen berri izan genuen orain dela bi urte. Euskal Herrian hainbat taldetan aritu ostean (Pog Mo Thon, Akustika, Big Fingers & the Love Seeds…), duela bost urte Txinarako bidea hartu zuen Fuentesek, ekipajean gitarra eta zortzi pistako grabagailua bilduta. The Tree-ren diskoak, The Tree (Gaztelupeko Hotsak, 2011), oihartzun handia izan zuen Txinan, eta horri esker hilabeteko bira bat egin ahal izan zuen bikoteak herrialdean zehar.

Oraingoan oso bestelako proiektua aurkezten digu Beñat Fuentesek, Brendan Donnelly irlandarraren konpainian. Txinako kulturari eta herri-musikari estu lotutako egitasmoa da Te-uhinak. Izan ere, Zhejiang eskualdeko etnia ezberdinen kantuak, instrumentuak, giroak eta bestelakoak grabatzen hasi ziren Fuentes eta Donnelly 2012. urtean. Landa-grabazio haietako bilduma bat More aldizkarian argitaratu zuten, eta 5.000 irakurlerengana heldu zen. Ondoren, esperientzia hark eragindako bizipenetatik abiatuta, kanta propioak sortu zituzten bi musikariek, baina haiek grabatzeko orduan herrietan ezagututako jendearekin berriz harremanetan jartzea erabaki zuten, haien instrumentuen sonoritatea (guzheng sitarra, erhu biolina…) eta kantu-moldea hobeto ezagutu eta kantu bakoitzari ondoen zegokiona jasotzeko. Horrek denbora eta prestakuntza handia eskatu die, Txinako kultura, hizkuntza eta musika ondo ezagutzeko beharraz aparte.

Alan Lomax etnomusikologo estatubatuarra izan dute erreferente proiektu honetan. Haren lanaren miresleak dira Fuentes eta Donnelly -munduan zehar egindako bidaietan tokian tokiko folklorearen landa-grabazioak egin zituen Lomaxek, baita Euskal Herrian ere, eta balio ikaragarrizko altxorra osatu zuen-, eta haren ereduari jarraikiz landa-grabazio ugari egin dituzte China Field Recordings egitasmorako. Soinu horietako batzuk (kaleko zaratarena, txoriena, haurrena, errekena, musika instrumentuena…) baliatu dituzte gero diskoan txertatzeko. Halaber, Fuentesen aitona zenari duela 18 urte egindako grabazioak erabili dituzte Laowang musikari txinatarrarekin elkarrizketan jartzeko Patxo eta Laowang kanta esperimentalean. Izan ere, bata zein bestea ferietan astoak erostera joaten zireneko kontuaz ari dira, eta Laowangek erhu instrumentuarekin zaldien irrintziak eta trostan doazeneko hotsak imitatzen ditu.

Norbere erroetatik abiaturik, menperatzen zituzten sonoritateetatik sonoritate berrietara eta berriz abiapuntura egindako bidaia kontzeptual gisa planteatu dute Beñat Fuentesek eta Brendan Donnellyk Te-uhinak diskoa. Hori dela eta, kantuak euskaraz (bizkaieraz) abestuak izateaz gain, diskoaren hasieran eta bukaeran Irlandako uillean pipes gaitak grabatu dituzte -Matt Bashford gaita jotzaile bikainak jo ditu-, Donnellyren erroak islatzeko. 

Fuentes eta Donnelly arduratu dira prozesu osoa aurrera eramateaz: kantuak egin, hitzak sortu, tresnak jo, grabazioak eta nahasketak egin, diseinua landu, bideoak grabatu…

Diskoaz gain, China Field Recordings egitasmoari buruzko webgune bat sortu dute (www.chinafieldrecordings.com): landa-grabazioak entzuteko aukera dago bertan, baita egitasmoari zein Txinako herri musikari buruzko informazio ugari  irakurtzeko ere.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com