Hemen zaude: Hasiera Albisteak TRIZAK

TRIZAK

2017/09/22

Jon Piris, Julen Izarra eta Hasier Oleaga dira Trizak. Kontrabaxuak, saxofoiak eta bateriak osatutako ezohiko formazioa, beraz. Jazz taldeetan zein herri musikaren beste aldaera batzuetan zaildutako musikariak dira hirurak. Organiks, Travellin´ Brothers Big Band eta RS Faktor taldeetan aritutakoa da Izarra, eta gaur egun Nevermind Trio-ko partaide da Hasier Oleagarekin batera; Oleagak berak, hainbat disko bere izenean argitaratzeaz gain, talde ugarirekin kolaboratu du eta Ruper Ordorikaren zuzeneko taldean jotzen du duela hamar urtetik hona. Hain zuzen, Ordorikari lagundu zion Jon Pirisek Memoriaren mapan diskoaren bikote formatuko biran.

 

 

 

 

 

Itsasontzietan belak igo eta jaisteko sokak dira trizak, bidaietako hasieren irudi. “Trizak listo eduki” esan ohi da portuan adi egoteko eskatzen denean, etortzekoa den edozelango gertaeraren aurrean prestatuta. Badauka hirukote honen musikak jazzari berezkoa zaion abentura gogotik, baita beste eremuetatik jasotako haize freskorik ere.

idatzitako musika jotzeko topagunea izan nahi du, jatorrian hitzik gabeko esparru instrumentalean, geroan akaso beste diziplina batzuekin uztartuta ere.  Hortaz, Pirisek eta Oleagak sortutako piezak biltzen ditu Fredi Pelaezekin Pottoko estudioan grabaturiko estreinako disko honek.  Konposizioak abiapuntua baino ez dira, behin taldera ekarrita kantak inprobisazioaren bide ezezagunetatik ibiltzen direlako. Badira tartean bertsio batzuk, Ennio Morriconeren “Here’s to you” eta “Birjiña maite” doinu tradizionala esate baterako, iraganean modu batera edo bestera oihartzuna izan duten soinuen inguruan bide berriak arakatzeko asmoarekin egindakoak.