Hemen zaude: Hasiera Albisteak TripTics. Vol. I-II

TripTics. Vol. I-II

2017/12/18

Proiektu irekia eta eklektikoa da HIBAI, beti sortzen eta hazten ari dena. Horrela, Bakarlariaren lanean oinarriturik, eta  Hibai Etxebarria bera ardatz harturik, musikarien kolektibo baten emaitza dugu TripTics I-II. Izan ere, Euskal Herriko zein estatu mailako hainbat musikarik hartu dute parte —hogeita hamarretik gora, tartean haize eta hari sekzio zabal bat—, musika klasiko, folk, jazz, pop edota rock estiloetan eskarmentu handikoak, eta beharrizan estetikoen arabera, batzuen edo besteen aportazioak jaso dituzte abestiek. 

Horrenbestez, disko honetako abestiak urtean zehar grabatu dira Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca estudioan, eta proiektuak eman dezakeenaren lagin gisa aurkezten zaizkigu orain. Bi triptikoez osatuta dago diskoa. Bakoitzak hiru kanta eta horietako baten berrikuspen bat jasotzen ditu. Triptiko bakoitzak izaera ezberdin bat dauka estilo zein estetika aldetik, baina Hibai Etxebarriak musikari ematen dion janzkera eta ukitua gordetzen dute. Bi kasuetan emaitza ikusgarria da, hala ekoizpenaren aldetik nola musikarien interpretazioaren aldetik, eta molde ezberdinetako abestiak lantzeko Hibai Etxebarriaren gaitasun aparta erakusten du.

Lehen triptikoan eragin anglosaxoiak jaso ditu musikari gernikarrak, eta ia osorik ingelesez abestuta dago. Hari moldaketa dotoreez apaindutako funk-soul doinuak (Banned love), Bruce Springsteenen eskolako rock amerikarra (In a dilemma) eta pop-a (Invisible) aurkituko ditugu bertan. Azken abesti horren italierazko bertsioak —Nebbia taldeko Valentina Ridolfirekin abestua— osatzen du triptikoa.

 

Bigarren triptikoan sustraietan murgildu da, eta Euskal Herriko folklore eta doinu akustikoetara jo du bere alderdirik intimo eta pertsonalena. Abesti hauetan Xabi Aburruzaga trikitilariak (Nire lagunak) eta etorkizun handiko Izaro abeslariak (Orratzak) lagundu diote, beste askoren artean.

 Hauek lehen TripTics-ak dira baina gehiago datoz

 parte hartzaileak

 

Hibai Etxebarria Pianoa, gitarrak eta ahotsa, Leire Berasaluze, Izaro Andrés, Valentina Ridolfi ahotsak, Haritz Laboa gitarra akustikoa, Gotxon “Blues” Ereño gitarra elektrikoa, Ander García baxu elektrikoa eta kontrabaxua, Henar Rodriguez Hammond eta Rhodes, Xabier Aburruzaga trikia, Iraide Ansorena perkusioak, Carlos Sagi bateria, Naia Mandaluniz zeharkako flauta, Alfredo Varela saxo tenorea eta baritonoa, Iñigo Cuenca & Jesús Bustos tronpeta, Aingeru Torre saxo altoa, Noel Sacristán saxo tenorea, Jordi Arcusa tronboia, Maddi Arana biolin bakarlaria, Leire Hipólito, June Bergés, Pedro Aginaga,  Txabeli Sierra biolina I, Leire Pikabea Tomás Ruti, Iraia Bereziartua biolina II, Begoña Urtiaga, Mónica Peinó biola, Pello Ramírez txelo bakarlaria, Itziar Lertxundi & Jokin Garmendia txeloa, Lerman Nieves kontrabaxua