Bluesa sinesgarritasun eta naturaltasunez
Paul San Martin Stay Blues taldearen bidez ezagutzen dute blues, jazz eta bestelako doinu beltzen jarraitzaileek, 1997. urteaz geroztik jaialdiz jaialdi eta tabernaz taberna aritu baita talde donostiarra emanaldiak eskaintzen. Taldearekin diskoa kaleratu ondoren, bide beretik doa San Martinek bakarka, ahotsaz eta pianoz, grabatu duen Tracks izeneko lan berri hau.
Entzun : Roll´Em Pete
Hamabi kantu aukeratu ditu San Martinek, azken urteetan buruan eta gogoan bueltaka izan dituen hamabi pieza, horien artean San Martinek berak sortutako bat: “Oihana”. Gainerakoak, blues, rhythm & blues, boogie, jazz, gospel eta calypsoko pieza klasikoak dira, joan den mendeko lehen hamarkadetan sortutakoak, “On the Sunny Side of the Street” (1930), “44 Blues” (1929), “Drown in my Own Tears” (1956), “Round About Midnight” (1944), “Rum & Coca Cola” (1943), “Rockin’ Pneumonia” (1957), “Isn’t This a Lovely Day” (1935) edota “Roll ‘Em Pete” (1938) kasu. Aurretik beste hainbat musikarik egin bezala, San Martinek bere egin ditu kantuok eta nortasun propioa erantsi die, pianoan teknika aratz eta garbia erakutsiz, eta ahots zuri eta leuna izanagatik sinesgarritasun eta naturaltasunez abestuz.

