Hemen zaude: Hasiera Albisteak SERRANO/COLINA PROJECT

SERRANO/COLINA PROJECT

2009/02/07

Antonio Serrano(Ahosoinua) eta Javier Colina (kontrabaxua), biak ala biak, dira aurpegi askoko musikari, eta euren musika tresnekin hainbat musika esparru landu dituzte, Jazza eta Flamenkoa, Latinoa, Tangoa, Hego Amerikako folklorea eta beste batzuk albora utzi gabe. Horrek isla garbia du zuzenekoan interpretatzen duten errepertorioan, eta batez ere ezin aurreikustekoa azaletik ukitzen duten inprobisazioetan. Bikote honek erritmo sekzio sendoa eta eskarmentuduna du lagun, Guillermo Mc. Gill bateria jotzen eta Ivan -Melon- Lewis pianoa jotzen.
Originaltasuna eta gustu ona bermatuta daude talde berri honek eskaintzen dituen emanaldietan.
SERRANOCOLINA JazzProject:
BASAURI, otsailak 11 asteazkena. - Ibaigane kultur etxea. 19:30
AMOREBIETA-ZORNOTZA, otsailak 12 , osteguna. - Zelaieta zentroa. 20:30
LEIOA , otsailak 13, ostirala. - Kafe Ambigú-Kultur Leioa. 22:00
ERMUA, otsailak 14, larunbata. - Lobiano kulturgunea 20:00
Bizkaiko BluesJazz Zirkuitua

 

Antonio Serrano (Madril, 1974) 7 urte zituenean hasi zen musika ikasten, aitarekin, eta honek musika irakurtzen eta aho-soinua jotzen irakatsi zion. Gero Piano, Biolin eta Perkusio ikasketak egin zituen Alacanteko eta Madrilgo kontserbatorioetan, oso kalifikazio onak lortuz. Londresen ondu zituen aho-soinu ikasketak, Larry Adler maisuarekin. Aho-soinuarekin teknika bikaina garatuta, hainbat musika testuingurutan lan egiteko aukera izan du, musika Klasikoarekin, Jazzarekin, Flamenkoarekin, Tangoarekin eta baita Poparekin ere. Bakarlari gisa egindako karreran besteak beste de Belgika, Cologne, Heidelberg, Kiel eta Istanbuleko orkestra sinfonikoekin jo du, H. Villalobos, M. Arnold, V. Williams eta beste batzuek aho-soinuarentzat idatziriko kontzertuak interpretatzen, edo G. Enescu, G.Gershwin, Piazzolla eta R. Korsakoven obren konponketak jotzen. Paco de Lucíaren taldeko kidea izan da Antonio azkeneko 4 urteetan, eta Pacorekin 3 bira egin ditu munduan barrena. Jazz musikari gisa, berriz, honako hauekin jo du, besteak beste: Winton Marsalis, Toots Thielemans, Jerry Gonzalez, Ivan Lins, Chano Domínguez, Lou Bennet, Jorge Pardo, Vicente Amigo, Tomatito eta Perico Sambeat. Saioko musikari gisa 250 kolaborazio baino gehiago grabatu ditu nazioko Pop-Rock artista gehienekin (Pedro Guerra, Joaquín Sabina, Ana Belén, Victor Manuel besteak beste), eta hots bandekin, esate baterako, Pedro Almodóvarren Carne Trémula obran. Antonio Serrano aitzindariaren diskografiak 6 disko biltzen ditu, azkenekoa Astor Piazzollari egindako Omenaldia, 2007an SONY BMG-n argitaratua, Madrilgo eta Gasteizko Jazzaldietan aurkeztua musikari argentinar eta uruguaiarrak lagun zituela.

Javier Colina (Iruñea, 1960) kontrabaxu jotzailea 90. hamarraldiaren hasieran hasi zen nabarmentzen, jazz flamenko deituaren kontzertu eta grabazioetan. Chano Domínguez eta Guillermo McGuill musikariekin batean, piano jotzaile cadiztarraren hirukotea osatzen du, eta eurekin parte hartzen du mundu osoko jazzaldietan eta Fernando Truebak zuzendutako Calle 54 filmean.
Eskarmentu handiko musikariekin eskaini dituen kontzertuek eta grabazioek bermatuta dago Colinaren jazzaren inguruko prestakuntza. Izan ere, George Cables, Hank Jones, Barry Harris eta bereziki Tete Montoliú izan ditu lagun.
Kontrabaxuarekin flamenkoari egindako ekarpenak ere isla garbia du Tomatito, Joaquín Cortés, Diego El Cigala, Ketama eta bete batzuekin eskainitako emanaldietan eta grabazioetan.
Era berean, aipagarria da Maliko musikariekin egindako musika topaguneak, horien artean nabarmentzekoa koraren maisuarekin, Toumani Diabatérekin batera, grabatutako Djelika diskoa. Geroago Juan Perroren proiektuekin bat egin zuen, eta honek eragin handia izan zuen haren musikaren ikuspegian, pop, rock eta Kubako son moldeekin esperimentatzearen inguruan. Harekin batera jardun zuen bira “flamenkoan” eta ondorengo grabazioan eta “Raíces al viento” izenburuko itzulian.
Fort Apache Band taldearekin egindako birak harrotasunez betetzen du, bertan topatu baitzuen jazz eta musika latinoa biltzen dituen talde onenetako bat bere aitzindariarekin, Jerry González tronpeta eta kongo jotzailearekin batean, azken hau beste hainbat proiektutan izan baitu lagun.
Calle 54 filmaren aurkezpenean, Parisen, lehenengo aldiz jo zuen Bebo Valdés piano jotzailearekin. Geroago kontzertu bat eskaini zuten Madrilgo Albeniz Antzokian, zeinetan Diego El Cigala deituak ere parte hartu zuen. Une horretatik aurrera Javier Colina nazioartean izen handia lortuko zuen Lágrimas Negras diskoaren grabazioaren hiru zutarrietako bat bihurtu zen. Ondorioz, Bebo Valdés, Chucho Valdés eta El Cigala artistekin kontzertuak eta aurkezpenak egin zituen, bestelako emanaldiak, duo eta laukote moldeetan, Beborekin, albora utzi gabe. 2005eko azaroan Bebo Valdésekin batera jardun zuen aste betez New Yorkeko Village Vanguard elkarte ospetsuan, eta emanaldiak grabatu egin zituzten Fernando Truebaren zigiluarekin luze gabe kaleratuko den diskoa osatzeko.
Orain gutxi merkaturatu da bere Si te contara izenburuko diskoa. Bertan tres kubatarrean ezinbestekoa den Pancho Amat du laguntzaile. Habanan ezagutu zuen 1994an, Juan Perrorekin lan egiten zuenean. Ez ohiko zazpikote honek jazz izpirituetan oinarritutako musika proposatzen du, son kubatarraren erritmora. Talde hau arrakasta handiz aurkeztu da besteak beste Donostiako eta Madrilgo nazioarteko jazzaldietan.

Guillermo McGill (Uruguay, 1965). Perkusio jotzailea. Sortzez uruguaitarra den arren, Guillermo McGill Bartzelonako semetzat har daiteke. Bi urte zituenean iritsi zen Bartzelonara, eta bertan hazi eta hezi zen profesionalki. Hamabost urte zituenean Taller de Músics tailerreko big bandean eta beste jazz taldeetan jotzen zuen. Garai hartan hiru aldiz saritu zuten, lehenengo sariarekin, Jazz Gazte Interpretarien Nazio mailako Lehiaketan. Era berean, aipagarria da Jazz Konposizioaren Nazio mailako 1993ko Lehiaketan irabazitako lehenengo saria.
Bere karreran zehar Barry Harris, John Abercrombie, Joe Pass eta Marc Johnson bezalako musikariak lagundu ditu. Jazzarekin ez ezik flamenkoarekin ere ausartzen da, mintzaira hori bere egin baitu beraren musikarentzat. Izan ere, ezinbesteko artistekin jo du, esate baterako Enrique Morente abeslariarekin eta Rafael Riqueni gitarra jotzailearekin, besteak beste. Gainera, Chano Domínguezen seikoteko kidea da, talde horrekin grabatu baitzuen “Calle 54” jazz latinoaren diskoa eta, geroago, piano jotzailearen “Oye cómo viene” albuma eta haren osagarri “Mira cómo viene” DVDa. Bakarlari gisa “Los sueños y el tiempo” grabatu zuen 1999an, eta “Cielo” 2002an. Ekoizle gisa aipagarria da Ana Salazar abeslariarentzat “Ana Salazar canta a Editg Piaf” (Karonte, 2003) diskoan egindako lana.

Iván Lewis Melón. Espainian bizi den piano jotzaile kubatarra da, nazioartean ezaguna, bakarlari gisa egindako lanek eta besteekin egindakoek erakusten duten bezala. Guztien gainetik, harrigarria da konpositore gisa darion kalitatea. Prestakuntza klasikoko piano jotzailea izaki, Winton Marsalis eta Patato Valdés bezalakoekin lan egin du. Habanako Arte Institutu Gorenean graduatua, Irakere taldeko kidea izana da, eta Kubako musika esparruko musikari askorekin batera jo du, hasi Pablo Milanésekin eta buka Gonzalo Rubalcabarekin. David Murray, Michael Mossman, Steve Coleman, Roy Hargrove, Adam Nussbaum eta Chucho Valdés bezalako artista handiekin lan egin du. Eta Europako jazzaldi ezagunenetan parte hartu du (Jazzen Tete, Jazz in Marciac, Montreal Jazz Festival, North Sea Jazz Festival, Montreaux Jazz Festival, Nice Jazz Festival, Gasteizko Jazzaldia, Donostiako Jazzaldia, etab...).