Hemen zaude: Hasiera Albisteak ROY LONEY eta SEÑOR NO ardo botila baten barruan

ROY LONEY eta SEÑOR NO ardo botila baten barruan

2007/07/03

Uztailarekin batera kaleratu dira Flamin´Groovies talde esanguratsuaren sortzaileetako Roy Loney musikari amerikarrak eta Señor No donostiarrek elkarrekin egindako biraren ostean grabatu zituzten kantuak.
Grabazioa, Gasteizko Helldorado aretoan burutu zuten eta Bottle of wine izenpean argitaratzen da EP biniloan batuta.
Disko berria Bloody Hotsak zigilu berriaren eskutik dator eta hurrengo hilabetetan jarraipena izango du han eta hemengo talde eta proposamen berriekin.
(Argazkia : Juxe)

Binilo txikian argitaratu den lan honetan lau kantu batu dituzte: Roy Loneyren bi, bata Flamin´Grooviesen garaikoa eta bestea ineditoa (*The first one´s free eta The critter) , Tom Paxtonen Bottle of wine eta Jagger & Richards-en Who´s driving your plane*.
Loney, urtea bukatu baino lehen bueltatzeko asmoa ere badu donostiarrekin disko luze bat grabatzeko.

Disko txiki bezain esanguratsu honekin batera jaio da Bloody Hotsak, bere barruan rock-and-rolla daramatenen doinu bilduma. Ekimena, Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eta Irungo Bloody Mary disko dendaren eta musika sustatzailearen elkarlana da. Asmoa garbia, elkarrekin rock-and-rolla, biniloa eta hainbat talde interesgarri bultzatzea.