Hemen zaude: Hasiera Albisteak Markos Untzeta eta Robert Johnson ibaian behera

Markos Untzeta eta Robert Johnson ibaian behera

2011/05/19

Robert Johnson bluesman mitikoa jaio zela 100 urte betetzen direnean,  Markos Untzeta musikari eibartarrak bere hirugarren diskoa kaleratu du Mississippi izenpean. Eta izenburuak argi adierazten du nora eramango gaituzten bere kantu berriek: Blues, gospel eta country musikaren lurraldera. Diskoa datorren astean izango da dendetan eskuragai, baina hemen eros dezakezu. Erosleentzat singlea opari.

Entzun: Bide luze bat

Presa ez da gehienetan bidaia-lagun ona izaten, ezta egin nahi den bidea luzea denean ere. Markos Untzetak (Eibar, Gipuzkoa, 1970) musika ibilbidea patxadaz hartzen ikasi du, bere aurreko diskoko abestietako batean aipatzen zuen kantu egile outsider-aren izaera barneraturik. Lau urte eman ditu, patzientzia eta gogo handiz, bere hirugarren diskoa mamitzen Sweet Soul estudioan –aurretik Gauaren basamortuan (Gaztelupeko Hotsak, 2002) eta Zenbat euri (Hirusta, 2006) kaleratu ditu, biak rock amerikarraren ildoan–, baina lasai egon daiteke, ondo erabilitako denbora izan delako. Mississippi sekulako aurrerapausoa baita Untzetaren ibilbidean, hala konposizioen kalitatean eta estilo aniztasunean nola haiek janzteko sortutako moldaketen aberastasunean. Hauxe da Untzetaren diskorik entzunerrazena, eta aldi berean sustraietara gehien jotzen duena. Horretan ardura izan dute Mississippi-ren grabazioan parte hartu duten hamabost musikariek, horien artean Untzetaren aurreko diskoetan parte hartutako batzuk (Daniel Merino, Pit Idoyaga, Txomin Guzman, Mikel Fernandez, Juan Uribe, Saul Santolaria soinu teknikaria…), eta kolaboratzaile berriak (Diego Lasheras, Manu Iturregi, Juan Gumuzio, Asier Ituarte…). Denen artean Markos Untzetaren orain arteko diskorik sendoena osatu dute, eibartarra kantari ezezagunen multzotik atera beharko lukeen diskoa eta bluesaren eta rock amerikarraren zaleek oharkabean pasatzen utziko beharko ez luketena.