Hemen zaude: Hasiera Albisteak RIP : Punkaren 25 urteko historia bizia DVD eta CDan

RIP : Punkaren 25 urteko historia bizia DVD eta CDan

2005/12/03

RIP taldeko abeslaria Karlos Agirreurreta Mahoma hil zenean, 2003. urtean, Arrasaten, Goienako bi kazetarik hain esanguratsua izan den punk talde honen gaineko dokumental bat egitea erabaki zuten, bide batez, 80ko hamarkadaren erretratu txiki bat erakusteko asmoarekin.
Lehenik eta behin, garaiko protagonistengana jo zuten, iritziak jaso eta irudiak batu. Gainera, 80ko hamarkadan RIPek egindako kontzertuen bideoak, zuzeneko audioak eta argazkiak bilatzen hasi ziren. Taldeak egindako hainbat abesti galtzeko zorian zeudela ere antzeman zuten. Horren emaitza DVDan jasotzen da. Bertan da ordubeteko erreportaia zabala protagonisten azalpen eta adierazpenekin. Beste ordubetean zehar garai ezberdinetako kontzertuak entzun eta ikusgai agertzen dira, argazki galeria eta bestelakoekin bukatzeko. Eta CDan, argitaratu gabeko taldearen 14 kantu entzungai.
RIP, punkaren 25 urteko historia bizia, dendetan daukazu honezkero baina hemen ere EROS dezakezu

Azpimarratu beharra dago RIP taldeko lagunek inoiz ez diotela berebiziko garrantzirik eman egin dutenari; jende oso umila izan da beti. Baina beraiek onartu edo ez, ez dago zalantzarik belaunaldi baten erreferente izan direla. Horren adibide izan ziren, 2000. urtearen bueltan egin zituzten kontzertuek jasotako harrera eta arrakasta itzela.

Jul eta Txerrarekin elkarrizketa sakonak egiteaz gain, sasoi apurtzaile hori bizi izan zuten hainbat lagun elkarrizketatuak dira erreportaian: “Portu”-ren anaia Karlos Mancebo, Puñetazo, Zirrosis eta bestelako taldeetan ibilitakoa; Hertzainak taldeko Josu Zabala; Vulpess taldeko Mamen; Etsaiak-eko Auo eta Iñigito Txapelpunk; Iñaki Beraetxe aktorea; Eskorbutoko Pako; Pablo Cabeza musika kazetaria; Tijuana In Blueko Jimmy; Fermin Muguruza; Basati Diskak-eko sortzaile eta RIP taldearen bultzatzaile nagusi Jabi Destruye; Doble Zero taldeko Mallabi; Shot! grabazio estudioko Iñaki Bengoa; Kepa Altube “Kopi” artista; eta Debagoieneko beste hainbat pertsonaia interesgarri.

RIP, punkaren 25 urteko historia bizia