Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hirukotetik Seikotera

Hirukotetik Seikotera

2012/06/01

Jeronimo Martin piano jotzaile bilbotarraren bigarren emaitza. Seikote formatoarekin, aurreneko grabazioan islatzen ziren dohainak lan honetan ezin kaligrafia garbiagoan agertzen dira : dotoretasuna, ziurtasuna, taldekidetasuna eta goi mailako konposaketa poetikoak. Hiriko musika garaikidea da Quinoa diskoan entzun daitekeena

Obra hau, era berean, arkitekturaren aurreko zalantzarik gabeko bokazioaren erakusgarri da, kaosaren sakrifizio zoriontsuaren erakusgarri, hura gorpuzten duten pieza biografikoen narraziozko logika eta laburpenaren aldeko hautuaren erakusgarri. Jerónimo da musika bizi, erromantiko eta gogoetazko honen eragile emozionala, hiriko egunsenti eta ilunabarren, lanbro eta zaparraden eragile emozionala. Goi mailakoa da haren poesia, eta bete egiten gaitu, baina sekula ere ez da handiustekoa.

 

Konponketek kolore orokorra lehenesten dute xehetasunen aldean, baina aldi berean indar handiko marrazki txikiak eskaintzen dituzte, Gonzalo Fernández de Larrinoa, Rubén Salvador edo Julen Izarrak itxaropenez beteriko margoez inprobisatzen dituztenak esaterako. Haien ahotsak, Hilario Rodeiro eta Javier Mayorren bulkada erritmikoa lagun, arnasa eta izaera ematen baitiete, harmoniatsuki desordenatzen dira, Mingus zaurgarrienaren diskoetan eta talde handietako Charlie Hedenen lanetan bezalatsu.

 

Jerónimo Martínek ez du beretzat protagonismorik nahi, haren pianoak funtsezko zirriborroa mugatu besterik ez du egiten, ingurua azaletik deskribatzen duen edo paisaia barnerakoienak lehenengo pertsonan aletzen dituen off-eko ahotsa balitz bezala.

 

Diskoan aurrera egin ahala ziurtasunak nagusitu egiten zaizkie zalantzei, folkloretik  (Tívoli) edaten duen, estetika klasiko baten oinarritzen den eta agian jazz bera ere ez den –ez bederen afroamerikar batek ulertuko lukeen moduan– paisaia multzo guztiz koherentea osatu arte. Musika honen mamia ez da berariazko swinga, ez eta elkarrekintza ere. Estilo ia erabat sinfonikoaz adierazitako istorio baten bidez entzuleari laguntzea du xede nagusi, itxurakeriak bazter utzi eta sentimenduaren gainetik zentzua nagusituz, baina berezko dituen emozioei muzin egin gabe: itxaropena (Claridad), norberarenganako errukia (5 de Mayo), izaera askea (Obertura) edo bizidun izatearen jakitun izateak dakarren zoriontasuna  (Tutto per amore).