Pianoan eta ahotsean gero eta maisuago

20 urtarrila, 2014

Paul San Martin (Donostia, 1979) pianistaren bakarkako bigarren diskoa dugu honako hau. Stay Blues taldeko kide gisa ezagutu zuten blues, jazz eta bestelako doinu beltzen jarraitzaileek San Martin. Bluesaren tradizio luzearen gaineko ezagutza zabalaren lekukotza utzi zuen Stay Bluesek hala zuzenekoetan nola grabatutako disko bakarrean (Stay Blues, Gaztelupeko Hotsak, 2007). Haatik, 15 urte zituelarik hasi zen jendaurrean jotzen Paul San Martin, eta gaur egun bluesaren piano tradizioan murgilduta dabil, stride eta boogie woogie bezalako estiloak lantzen. Azken urteotan bakarkako jardunari emana da San Martin, konposatzen eta zuzenean jotzen -2013an bertan Donostiako Jazzaldian jotzeko aukera izan du- baina besterentzat jotzen ere ikusi dugu, Triz3ps, Soulbros eta The Romanticos taldeekin esate baterako.

 

Tracks diskoarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2011) egin zuen bakarkako estreinaldia San Martinek. New Orleans hiriko doinuei egindako omenalditzat har zitekeen disko hura, zeinean, blues, rhythm & blues, boogie, jazz, gospel eta calypsoko pieza klasikoak bildu zituen, baita berak sortutako ale bat ere. Antzeko ildoari heldu dio Paul’s Mood lan berrian ere. Berriz ere pianoaren laguntza bakarrarekin azaldu zaigu, hainbat egile handiren blues, jazz, boogie eta gospel kantuak berregiteko. Eta garbi geratu zaigu, 14 pieza gozagarri hauek entzun ostean, pianoan gero eta maisuago eta ahotsean gero eta seguruago ari dela Paul San Martin.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com