Hemen zaude: Hasiera Albisteak PETTI : ONenean

PETTI : ONenean

2007/10/30

Bost urte behar izan ditu Pettik bere laugarren lan luzea argitaratzeko. On izenpean dozena bat kantu eder grabatu ditu bere sen elektrikoa eta akustikoa tartekatuz. Aitzitik, diskoak aldaketa nabarmenak dakartza kantuen formari eta soinuari dagokienez. Etapa berri bat hastearekin bat taldea berritu egin du Pettik. Joseba Irazoki gitarrista, David Gonzalez baxua, Ekain Elorza bateria eta Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) eta Jexux Aranburu (akordeoia, hammond eta fender rhodes) dira Pettiren orain arteko diskorik irekiena eta osatuena ondu duten beste musikariak, Rafa Rueda ekoizlearekin batera. Zuzenean ere hasi dira eta azaroan baditu hainbat konzertu.

Mamiz aurreko diskoetako Petti bera topatuko duzu lan honetan, gizakia gizaki denetik berezkotzat dituen beldur, ahulezia, barne borroka eta harreman gatazkatsuen inguruko gogoetetan murgildutako ahots zintzo, garden eta grinatsua. Kantari konfesionalaren ereduari atxikitzen zaio Petti, norberak bizitakoaz bakarrik abesten dakiten sortzaile gero eta urriago horietako bat da. Egilea eta kantaria ezin dira bereizi Pettirengan, pertsona bera dira, baita besteek idatzitakoak hartzen dituenean ere, disko honetan bezala, Beñardo Goietxe, Andoni Tolosa, Xabier Montoia, Joxean Artze eta Mixel Labegerieren hitzez jabetu dela.