Hemen zaude: Hasiera Albisteak Petti eta Barrence Whitfield diskoa partekatzen

Petti eta Barrence Whitfield diskoa partekatzen

2010/01/25

Egia esate aldera, halakoak egitera ohituta daude Petti zein Barrence Whitfield; biek ala biek ondo baino hobeto dakite zer den beste musikariekin lan egitea. Kantari nafarrak aurretik eginak ditu horrelako diskoak Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin. Eta Whitfieldek, zer esanik ez. Rock&roll, blues, funk eta soul musikaren legenda bat da Whitfield, urte luzez The Savages taldearekin ibilitakoa, Richard Thompson, Solomon Burke, Los Lobos, Taj Mahal eta beste askorekin agertokian egondakoa, eta azken aldian, The Hi-Risers taldearekin. Oso ezberdinak izanagatik, biak abeslari bikainak, indartsuak eta senekoak dira, eta disko batean biltzeko ideia oso erakargarria izan da. Petti eta Barrence Whitfield, Bera eta Boston, gaztetasuna eta esperientzia, euskara eta ingelesa, rock&rollak loturik. Grabazioa kalean dago jada eta otsailean zuzenean entzuteko aukera izango da.

            Petti eta Whitfield udan elkartu ziren Katarain estudioan, grabazio honetarako beren-beregi osatutako The Bloodyhotsaks taldearekin: Joseba Irazoki gitarrista (Pettiren ohiko kolaboratzailea), Iñaki Guantxe bateria jotzailea (Señor No eta Lobo Electrico taldeetako kidea) eta Beñat Irureta baxu jotzailea. Pettik sortutako bost kantu eta Barrence Whitfieldek aukeratutako beste horrenbeste bertsio grabatu zituzten egun gutxitan, elkarrekin jotzen urteak daramatzaten musikariak bailiran. Rock&roll disko ederra eta askotarikoa osatu zuten. Ahotsak uluka, gitarra zorrotzak eta dantzarako atsedenik ematen ez duten erritmo sendoak aurkituko ditu entzuleak Pettiren kantuetan, eta tempo ertainak, folk giro akustikoak eta ahots gozo-bero bat Whitfieldek abestutakoetan.