Hemen zaude: Hasiera Albisteak Inprobisazioa eta jazzaren soinu eremuan

Inprobisazioa eta jazzaren soinu eremuan

2013/09/17

Javier López Jaso & Marcelo Escrich Quartet laukoteak jazzaren tradizioa eta bat-bateko musika ulertzeko modu berriak biltzen ditu,  berritzailea eta ezohikoa den berezko estilo batez. Pagoda diskoa kaleratu berria dute horren adibide.

Entzun : Viaje con Astor

 

Akordeoiaren eta kontrabaxuaren arteko konbinazio bakan honek bestelako ate bat zabaltzen du, ezberdinak bezain ederrak diren sonoritate berrietara iristeko. Izan ere, tangoak, Frantziako musette-ak eta musika klasikoak ezohiko ikuspuntu batetik bat egiten dute, inprobisazioari eta jazzari dagokien soinu eremuan.

 

Marcelo Escrich kontrabaxu jotzaile argentinarrak eta Javier Lopez Jaso soinu jotzaile iruinsemeak urteak egin dituzte elkarrekin jotzen. Ondoren, Juanma Urriza (bateria) eta Luis Giménez (gitarra) kideekin laukote bat osatu zuten eta lau musikarien arteko kidetasun pertsonal eta musikalaren emaitza da López Jasok eta Escrichek sortutako piezen grabazioa. Besteengandik jasotako eraginak eta partaide bakoitzaren sinesmen musikalak batzen ditu, baina aldi berean, lau musikariek modu agerikoan bilatzen dute originaltasuna eta berrikuntza, hala konposizioetan nola haiek interpretatzeko moduan, eta muturreko sentsibilitatearen xerka aritzen dira, jazzaren tradizioari itzuri egin gabe. Konplizitatea, kontrapuntua, elkarrizketa, trukea, soinu-ehundurak eta muturreko dinamikak, jolasak eta soinu berriak… Hori dena eskaintzen du “Pagoda”-k.