Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ñabarduran dago gakoa

Ñabarduran dago gakoa

2016/02/13

Ñabarduran dago gakoa, bluesa, bere ezin konta ahala formetan, ikuspegi desberdinetatik interpretatu baitaiteke emozioari eta indarrari eutsita. Horixe bera da, hain zuen ere, Animal Blues taldeak izen berekoa duen aurreneko diskoan egin duena. Ñabardurez eta eraginez beteriko diskoa, formaren ikuspegitik blues klasikoan oinarritua baina moduaren ikuspegitik espiritu eklektiko batean landua, etiketa mota orotatik argi eta garbi ihes egin nahian. Generoko betiko gaien birsorkuntza aparta, Rock, Jazz, Funk, Soul eta Bluesaren ildoko gainerako musika motek eragindako musikari eskarmentudun batzuen ikuspegitik interpretatuak lan hau ontzeko orduan.

Juanma Urrizak (bateria), Kike Arzak (baxua), Alejandro Mingotek (gitarra, lap steel-a) eta Jaime Alvarelosek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Animal Blues taldea, lauak dira oso ezagunak Nafarroako musikagintzan. Badira hamar urte Musikenen (Euskal Herriko goi-mailako Musika Ikastegia) elkar ezagutu zutela eta harrez gero proiektu askotan egin dute bat, euren proiektuetan eta besteenetan. Era askotako taldetan topatu ditzakegu, gure garaiko musika estilo askotan jotzen. Eskarmentu handiko lau musikari dira, diskoko abesti guzti-guztiak beren egiteko ageriko gaitasuna dute.